Eusko Legebiltzarrak EAren ekimen bat onartu du euskararen garapenean ahalmena duten instituzio guztien arteko kooperazioa eskatzeko eta Iruñeko Gobernuarekiko elkarlana berreskuratzearen alde.

Eusko Legebiltzarrak EAren legez besteko proposamen bat onartu du aho batez gaur arratsaldean eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoa egite aldera, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin berriki sinatu duen moduan. Bi gobernuen arteko elkarlana 2002az geroztik etenda dago eta Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak gaur onartu den ekimena aurkeztu zuen otsailean bi gobernuen arteko kooperazioa berreskuratzeari begira, gai honetan ahalmena eta eskuduntzak dituzten erakundeen arteko elkarlanaren garrantziaz jabeturik, euskarak Euskal Herri osoan azken urteotan izan duen garapena aztertze aldera.

Ildo horri jarraituz, Agirrezabalak nabarmendu du “euskararen herrian instituzio guztiek eskutik joan behar dutela gure hizkuntzaren garapena bultzatu eta bermatzeko”, eta “2002az geroztik Inkesta Soziolinguistikoarekin gertatzen ari dena” salatu du, “ulertezina ez ezik, euskararentzat kaltegarria ere badelako”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna