Gasteizko Legebiltzarrak Euskal Herriak autodeterminaziorako eskubidea duela aldarrikatu zuen 1990eko otsailaren 15ean eta, bihar adierazpen horren 24. urteurrena betetzearekin batera, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du “Parlamentuak orduko aldarrikapena berretsi eta euskal herritarrei beren estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko ahalmena aitortu behar zaiela berriro adierazi dezan”, Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusiak iragarri duenez.

Urizarrek nabarmendu du 1990eko adierazpen hark euskal gatazka politikoaren muinera zuzen-zuzenean jo zuela eta, horren ildotik, erantsi du, “garrantzitsua da gaur ere ebazpen haren urtemuga gogora ekartzea Legebiltzarrak aldarrikapen demokratiko hura berretsi dezan, are gehiago herri honentzako estatus politiko berri baten beharra aztertzeko lantaldea sortzekotan dagoenean. Izan ere, estatus politiko berri horrek Euskal Herriaren izaera nazionalaren aitorpena, batetik, eta beronen erabakitze eskubidea, bestetik, oinarri izan beharko ditu ezinbestean”.

Pello Urizar