Aurrerapauso zehatzak emateko eskatu die alderdi politikoei EAko bozeramaile Onintza Lasak Oraingoa «kontsultaren legealdia» dela azaldu zuen atzo Onintza Lasa EAko bozeramaileak, eta deia egin zien alderdi politikoei aitzakiak jartzeari utzi, konpromisoak gauzatu eta aurrerapauso zehatzak emateko, «gizarteak hartuko duen erabakia izango baita benetako konponbiderako giltzarria».

Urte berriko lehen astean aurrerapausoak ematearen aldeko adierazpenak izan direla azaldu zuen, 2006. urterako aurreikuspena egiteko Donostian emandako prentsaurrekoan; «antzeko jarraitu da adierazpenetan, aldaketarako borondatea agertuz, baina adierazpenetan». «Zuhurtzia eta komatxo guztiekin», urtea itxaropen zantzuekin amaitu zela argitu zuen; «baina inertziak asko pisatzen du».2005. urteko keinu baikorren artean, Lasak aipatu zituen Espainiako Kongresuaren ebazpena, ETAk azken bi urte hauetan inor hil ez izana eta ETAk Anoetako proposamenaren ildoak babestu izana. «Baina itzalak ere ikusten ditugu; hor dago ETA bere presentzia nabarmendu nahian, mendekuan oinarritutako espetxe politika eta aurrerapauso zehatzik ematen ez duen Zapateroren politika».Bestalde, Lasak adierazi zuen «alderdi gisa EAren asmoak haratago doazen arren», 2004an Eusko Legebiltzarrean onartutako proposamena jarriko dutela alderdien mahaian, proposamen guztietatik ahalik eta adostasun handienera iristeko. «Baina inork ez ditzala hitzak maltzurki erabili baldintzak jartzen direla esanez proposamenak jartzen ez diren lekuetan, edo inork ez dezala beto eskubidea erabiltzeko tentaziorik izan gehiengoaren joko demokratikoa baino ez dagoen lekuan».Konponbidea «denen artean» lortu behar dela azaldu, eta PPren «automarjinazio estrategia» salatu zuen.
Jatorria: Onintza Lasa