Jesus Mari Larrazabalek Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi duen dekretuaren alde egin du eta Justizian ere elebitasuna berma dadila eskatu du euskaldunen eskubideak errespetatzeko

Iragan legealdian Joseba Azkarragak onartutako Justizia euskalduntzeko dekretua hein handi batean bertan behera utzi duen Euskadiko Auzitegi Nagusiaren epaiari erantzunez gaur goizean Legebiltzarrean Justizia eta Herri Administrazio sailburuak iragarritako planak gaitzetsi ditu Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak, “Jaurlaritzak planteatzen dituen helburuak oso eskasak direlako eta, horren ondorioz, Justizian euskaldunen eskubideak bermatzeko behar diren aurrerapausoak ezinezkoak izango direlako”.

Larrazabalen iritziz, Idoia Mendiak EAren interpelazio bati emandako erantzunak “agerian utzi du Gobernu honek ez dituelako euskaldunen eskubideak Justizian errespetatzeko behar diren neurriak hartuko; horixe da atera behar dugun ondorioa sailburuak bere helburua 10 urtetan Justiziako langileen %35 bakarrik elebiduna izatea dela esaten digunean”.

Azkarragaren dekretuak ere Justizia euskalduntzeko bost urteko planak aurreikusten zituela eta, beraz, orain hori planteatzea ez dela berria gogorarazi dio EAko legebiltzarkideak Mendia sailburuari, eta euskal gizarteak Justizia benetan elebiduna exijitzeko eskubidea duela nabarmendu du. Izan ere, pertsonal horren gastua Jaurlaritzak hemengo diru publikoarekin ordaintzen badu, ezin da zalantzan jarri elebitasuna bermatzeko betebeharrak eta baldintzak ipintzeko dagokigun eskubidea”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna