Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitate zaharrean, Europako Biltzar Soziojuridikoaren baitan, izango diren lan-saioak inauguratu ditu, gaur, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.

Hurrengo ostirala arte Unibertsitateko egoitzan elkartuko diren adituek Europa berriaren legalitatearekin lotutako kontuak eztabaidatuko dituzte: zuzenbidearen eraldaketa, gatazken ebazpena, epaileen eta botere judizialaren soziologia, genero berdintasuna, giza eskubideak, emigrazioa eta drogak.

Frantziak eta Holandak Konstituzio berriari emandako ezetzaren ondoren Europaren eraikuntzak egun duen momentu konplexua izan du hizpide Joseba Azkarragak, aurkezpen-ekitaldian. Sailburuaren iritziz, begi-bistakoa da Europa osatzen duten errealitate desberdinek euren lege-sistema bereziak –herritarren historia, tradizio eta soziologiari erantzuten dizkioten sistemak– dituztela, “baina, era berean, ikerketek erakusten digute behartutako legislazio erkidearekin konbinatzen diren antzekotasunak daudela, gero eta materia gehiagotan eraginez”. Ildo horretatik, esan duenez, Oñatiko biltzar soziojuridikoa aukera ezinhobea izango da elkarte zientifikoak kontu horiek aztertu ditzan.

Justiziako arduradunak azaldu du, era berean, konbentzituta dagoela ikerketa soziojuridikoak funtsezko zutabea izan daitezkeela, ez bakarrik eraikitzen ari den Europarentzat, baizik eta globala den eta etengabe aldatzen ari den mundu osoarentzat ere bai: “nire ustez, foro honetan egingo duten lanean aurrera egingo dute soziologia juridikoaren ildoan, bai diziplina akademiko-zientifikoa den aldetik, baita diskurtso eta objektu kulturala den aldetik ere. Ekonomia eta merkataritzat haratago dagoen Europako identitateen bidea urratzeari ekingo diotelakoan nago”, esan du Joseba Azkarragak Biltzarreko partaideei buruz.

Jatorria: Joseba Azkarraga