Lehenengo eta behin, Joseba Azkarragak “bakearen atarian gaudelako konbentzimendua eta itxaropena” duela azaldu die bertaratutakoei, “bakea posiblea delako”, eta “alderdi politiko guztion artean, baztertuta geratu nahi dutenak salbu, Euskadiren eta Espainiaren arteko Itun berriaren nondik norakoak adosteko aukera dugulako”.

Hona Azkarraga sailburuaren solasaldiaren funtsezko ideiak:

“Baikortasun eraikitzaileaz beteriko unean gaude, eta hori ez da zoriaren fruitua. Alderdi politiko batzuok eta Eusko Jaurlaritzak berak aspaldi gabiltza baldintzak sortzen ahalegintzen, orain arte biolentziak –hark sortu duen eta sortzen duen tragedia eta bidegabekeria guztiarekin– zeharkatu duen historian aurrera egiteko”.

“Urte askotako lan horri esker, posiblea da orain kontuan hartu beharreko zenbait elementu dituen eszenatoki berriaz hitz egitea, elementu horiek luzaroko infernuzko zurrunbiloa apurtzen dutelako”.

“Lehenengo eta behin, eta kronologia hutsari jarraiki, 2004ko azaroaren 14an Batasunak Donostian aurkeztutako eskaintza politikoa aipatuko dut, denok Anoetako proposamena bezala ezagutzen duguna. Han, bide politikoen aldeko apustua laburtzen zen, eta, horrek, nire ustez, ezker abertzalea deitutakoaren gehiengoaren sentimendua islatzen du”.

“PSOEren gobernuaren elkarrizketa-borondatea dugu bigarren gakoa. Orain arte, ez da izan inoiz gatazka hau elkarrizketa bidez gainditzeko hainbesteko babesa izan duen gobernuko presidenterik. Ezin da aukera hau alferrik galdu. Eta sinistu egin nahi dut Rodríguez Zapaterok behin eta berriro egindako adierazpenek itxaropenak ez zapuzteko asmoa berresten dutela”.

“Hirugarren elementua ETAk egindako adierazpenak ditugu, Batasunaren proposamen politikoa balioesten dituztenak, eta, horiekin batera, aurrerapauso zehatz bat, nahikoa ez, baina ezinbestekoa: PPko eta PSOEko hautetsien kontrako atentatuak eten izanaren deialdia. Baina, gainera, eta, batez ere, mila egun baino gehiago igaro dira hildakorik gabe”.

“Aipatu ditudan elementu horiek guztiak mahai gainean daude. Nire ustez, zentzuz eta zuhurtziaz konbinaturik, bizitoki izan dugun tuneletik irteten lagundu gaitzakete. Ordezkari politikooi dagokigu eszenatoki berri hau administratzea, eta hori egiteko zenbait gauza behar direlakoan nago”.

“Lehena eta premiazkoena da bidea alferrik kolokan ez jartzea, funtsean korapilatsua delako. Eta, horretarako, ezinbestekoa da ETAk atentatu gehiagorik (azken hilabeteotan egin dituen bezalakorik ere ez) ez egitea ”.

“Bestalde, erantzule politikook bidea erraztu dezakegu, aurrerapauso gehiago errazteko ekimenak eginez. Eta, honaino helduta, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak dauka funtsezko erantzukizuna, distentsioak berori sendotzeko eta irmotzeko pausoak behar dituelako”.

“Gatazka konpontzeko gizalegez jokatzeaz pentsatzen ari naiz, eta, horretarako, ageriko keinu jakin batzuk egin behar dira, hala nola: delitu terroristengatik zigortutakoekin legalitatea errespetatzen duten egoeretara lehengoratzea. Ez naiz prezio politikoaz ari. Egunotan, PPk, Gobernuaren politikoaren kontra, santu-zeinu gisa, aipatzen duen prezio politiko horretaz, ez. Legalitatea betetzeaz ari naiz, PPkoek ondotxo asko dakiten bezala”.

“Demagogiaren eta manipulazioaren bidez zenbait antolakundek zigorgabetasunaren kontrako gurutzadaren buru aritzeko aukera izan dute, zigorgabetasunik ez dagoen arren. Esate baterako, ETAko kideak, legea zorrotz bete ondoren kartzelatik atera izana aitzakiatzat hartu dute, artifizialki, metxari sua emateko, bakerako bidea boikotatu guran”.

“Gure gobernuak biktimak aitortzeko, laguntzeko eta haiekiko elkartasuna erakusteko politiken alde egiten du. Haiei bizia errazteko neurriak arbitratzen ari gara, eta, batez ere, haien duintasuna babesteko beharra defendatzen dugu. Horregatik, gaitzetsi egiten dut biktimak jaurtigai-gisa, alderdi jakin batzuen interesen alde, erabiltzea, gizalegezkoa ez da-eta; nik uste dut, biktimen hitza entzun behar dela, eta erabat bat nator haiek egiten duten justizia-eskearekin. Baina, aldi berean, terrorismoaren biktimak bakerako bidea baldintzatzerik ez dutela defendatzen dut”.

“Demokrazian eta eskubideen errespetuan –askatasunez gabetuenak ere bai– sakontzen duten erabaki eta keinuen bidez aurrera egitea oso elementu positiboa izango da ibiltzeke dugun bide luzean (eta, bihurrian, seguru) aurrera egiteko, non denok ibiliko garela bermatu behar dugun”.

“Era berean, nire ustez, ezinbestekoa da ere bai Alderdien Legea indargabetzea. Arau horrek gatazka baino ez du sortzen, funtsezko eskubideen errespeturik falta agerian uzten duelako”.

“Premiazkotzat jotzen dut bi mahaiak lanean hasteko behar diren baldintzak sortzea: Gobernuaren eta ETAren artekoa, presoez eta armak uzteaz hitz egiteko; eta alderdi guztiak bildu behar dituena, bazterketarik gabe, normalizazio politikoarekin zerikusia duten kontuez eztabaidatu, hitz egin eta negoziatzeko”.

“Bi mahaien eredua onartu du bere buruari ezker abertzalea deitzen dionak, 20 urte baino gehiagotan bide horri uko egin ostean”.

“Guk maiz exijitu diogu ETAri euskal herriaren ordezkaritza beretzat hartzeko asmoa bazter zezan. Urte ugari, biktima ugari eta sufrimendu ugari igaro ostean, parada honetara heldu gara. Aukera aprobetxatu behar dugu, argi dirudi”.

“Beharrezkoa da, lehen komentatu dudan bezala, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak eta ETAk elkarrizketari ekiteko esparru egokia ezar dezaten.

“Guk –eta bai partaide naizen Gobernuaz, bai militante nauen alderdiaz ari naiz– eremu hori lagunduko dugu. Ez dugu erreserbarik jarriko, ezta protagonismo-kuotarik ere, exijituko ere. Ez gara oztopo izango, baina argi utzi nahi dut armak uztea eta espetxe politika mahai horren jarduera eta konpromiso eremu bakarrak izan behar direla”.

“Mahai politikoa abian jarri behar da, alderdi eta sentsibilitate guztiak barne, inolako bazterketarik gabe, azpian dagoen arazo politikoari ekiteko, ETA sortu aurretik zegoen eta. Batzuok dagoeneko hartu dugu foro hori ibiltzen jartzeko konpromisoa, Eusko Jaurlaritzan sortutako Gobernu Kontseiluaren bidez. Geroko alderdi-mahai horretarako oinarriak jartzen hasteko lana hartu dugu gure gain”.

“Eta zergatik hitz egiten dugu alderdien mahai batez bake-prozesu batean? Arazoa ETA egotera mugatuko bagenu, ondorio kalkulaezinak izango lituzkeen akatsa egingo genuelako. Arazo politikoa dago, organizazio hori jaio aurretik bazegoena, eta horixe da konpondu behar dena”.
“Itun bidez erabakitzen diren elkarrizketarako eta prozeduretarako baliabideak bultzatzeko prest gaude, betiere adostasun integratzailea lortzeko oinarrizko HIRU kontu hauek direla-eta: ETA desagertu aurretiko su-etena; Euskal Herria erabakitzeko nor dela onartzea; eta Estatuarekiko alde biko ituna”. “Kontu horiek zelan eztabaidatu erabakitzeko aurretik akordiorik egon ezean, ez luke zentzurik izango alderdien mahai erabakitzailea osatzeak”.

“Inork ezin dizkio mugak inposatu eztabaida honen edukiari. Alderdi bakoitzak bere proposamenak eraman behar ditu mahaira. Horren haritik, aldez aurretik PSEk erakutsitako jarrerak sortutako kezka adierazi behar dut. Haren idazkari orokorraren adierazpenek eztabaida oraingo esparru juridiko politikoan mugatzen dute, eta akordioak lortzeko gehiengoaren sistema arbuiatzen dute. Hor bi arazo larri antzematen dugu. Alde batetik, benetako berrikuntza sakonei ekiteko sozialistek duten ezintasuna erakusten dute, eta, beste alde batetik, PSE beto egiteko eskubide partikularraren administratzailea bilakatzeko desioa begi-bistan uzten dute. Ohartarazi behar dut gauza batez: baldin eta PSEk jarraitzen badu berak bakarrik erabaki nahian zeintzuk diren alderdien mahaiaren arauak, baldin eta mugak jartzen jarraitzen badu, porrotaren alde egingo du. Eta, aldi berean, iragartzen dizuet nire alderdiak ez dela joko horretan sartuko”.

“EAk proiektu honen ardatzak izango ditu erreferentzia-puntu. Ez dugu beherapenik onartuko eskubide nazionalen defentsan”.

“Konpromisoa hartu dugu Eusko Legebiltzarri baimena eskatzeko, biolentziarik eta bazterketa politikorik gabe, euskal gizarteari herri-kontsulta egin diezaiogun, alderdien mahaian lortutako akordio politikoa berretsi dezan”.

“Eusko Legebiltzarrak erabakiko du nola egin behar den kontsulta hori, nondik norakoak, zein baldintzetan garatu behar den, emaitzak onartzeko printzipio demokratikoak, eta, kontsultatik ondorioztatzen dena ordenamendu juridikoan nola txertatu”. “Eta hor, dudarik gabe, sor daitezke ezadostasunik handienak”.

“Badakit batzuek nolabaiteko bertigoa sentitzen dutela kontu horiek planteatzen direnean. Baina horietan dago koska, eta haien gaineko gogoeta eta elkarrizketa egin beharko da, normalizazio politikoa lortuko bada. Horregatik, PP saiatzen da hori saihesten, gure aurrean urratzen den bide itxaropentsua pozoituz”.

“Espero dut euren estrategia mespretxagarrik porrot egitea, eta, nolanahi ere, gobernu sozialistari exijitzen diot PPk –gobernuz eta batzuetan legebiltzarrez kanpoko palankak sakatuta– gauzatu nahi duen tutoretzaren mendekoa izan ez dadin.

“Azkenik, gobernuek hartzen dituzte erabakiak. Espainiako Gobernuak hartu beharreko erabakietan ausart jokatzea espero dut, eta nahi dut, dagoeneko hitzak soilik ez zaizkigulako balio. Guztiontzat (ETA eta Batasunarentzat ere bai), egiteko garaia heldu da”.

“2006a urte erabakigarria izango da. Hamaika hilabete ditugu prozesu honek bakeraino garamatzala konprobatzeko. Denbora-tarte horretan egiten ez duguna ezinezkoa izango da 2007an egitea, hauteskundeak izango direlako. Horrenbestez, erantzukizun-ariketa bat egitera behartuta gaude. Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Alkartasunak bakearen eta normalizazio politikoaren alde gure esku dagoen guztia egingo dugu, betiere zintzo eta leial jokatuz”.

Jatorria: Joseba Azkarraga