Martin Aranburu Karrera Artikulu hau irakurtzen ari zarenerako jakina izango da non ospatuko diren 2012ko joko olinpikoak. Hautagai asko izan da, zein baino zein indartsuago eta boteretsuago, baina izpiritu olinpikoak berak dioen bezala denen artean batek bakarrik eraman dezake saria.

Hiri guztiek esfortzu itzela egin dute hautatuak izan daitezen, eta inbertsio ekonomiko erraldoiak egin dituzte kontuan hartua izango den hautagaitza bermatu ahal izateko. Hautatuak izatea bestelako kontua da. Halere gogoeta bat luzatu nahi nizueke: hautatuak izango direnaren bermerik gabe, halako inbertsioak egitea erabakitzeko unean, joko olinpikoen egoitza izatearen onurak kuantifikaezinak izan behar dira nahitaez. Sari ziurrik izan gabe, halako inbertsioak bideratzen dituzten administrazio publikoek eta entitate pribatuek jokoen onuren ustezko banaketarako ilaran aurreneko postuetan kokatzea dute helburu.

Argi dago joko olinpikoak hiri baten eraldaketa suposatu dezaketela. Bartzelona ikustea besterik ez dago. Eta hori berez onura da hiriarentzat, bereziki, jokoen aitzakiarekin, administrazio anitzen dirua lortzen baita hiriaren eraldaketak behar dituen lan guztiak ordaindu ahal izateko. Aitzakia ezin hobea, beraz, besteen diruarekin norbere hirian lanak ordaintzeko. Horrez gain, jokoen egunetan hiri horretara iritsiko den jende uholdeak diru iturri itzela suposatzen du, hirian bertan geratzen den diru kopurua, ez, aldiz, inbertsioa egin duten administrazioen artean banatzen den onura ekonomikoa. Eta, azkenik, jokoak pasatuta hiri horrek turistikoki izango duen bultzada oso garrantzitsua da, jokoak pasatu eta hainbat urtetan turista jasotzaile handia bihurtuko da.

Onura guztien artean garrantzitsuena ahaztu egin dut: inbertsio egile pribatuek eramango dituztenak. Horiek bai onura erraldoiak! Halere, hautatua izan den hiria edozein izanda ere, jokoetatik onura handia aterako duten enpresak berdinak izango dira ziurrenik. Sektore zehatz bat izango da egun horietan nerbioak dantzan izango dituena: eraikitzaileen sektorea. Horiek baitira hiriaren eraldaketen protagonista eta egile nagusiak.

Aspektu txarrik ba al du jokoen antolatzaile izateak? Galerak ere anitzak izango dira ezbairik gabe, baina guztien artean bat datorkit burura nagusi gisa: borroka sozialerako bideratu beharreko diru publikoen beherakada. Jokoak dira premia eta jokoentzat ase beharreko lehenengo behar ekonomikoak; horien arrakastan hiri eta herrialde osoaren izen ona arriskuan baitago: beraz ez da dirurik aurrezten jokoen antolaketa onerako; nonbaitetik atera behar, beraz! Gastu sozialak ondorioak pairatuko ditu, bestela esanda, jokoetatik onurarik ateratzen ez duten sektore sozialak bizi baldintzen bizkarrean finantzatzen dira hein batetan jokoak. Paradoxa tristea, baina erreala. Hautagai desberdinek, ordea, ez dute horren berri eman. Zertarako baina?
Jatorria: Martin Aranburu