Begoña Erraztiren artikuluan Aldaketa 16 aldizkarian Europako Parlamentuak onartutako ebazpenak itxaropen berriak zabaldu ditu Euskal Herriko bakegintza eta normalizazio prozesuan. Esanguratsua da Europar Batasunak gure herriaren prozesuan inplikatzea. Alde batetik, orain arte emandako urratsak egokiak eta zuzenak izan direla adierazten du; bestetik Europako kideek momentu honetara iristeko batzuek egin dugun lana onartzen eta bultzatzen dutela aditzera ematen du. Gauzak ondo egiten ari dira, eta bide honetan jarraitu behar dugu, PP-ren eta UPN-ren jarreren gainetik.

Eusko Alkartasunarentzat oinarri eta aburu den Europak baietza eman dio gure herriak bizikidetza eta normaltasun politikoa lortzeko egiten ari den esfortzuari. Baietza eman dio bakeari eta bide politiko eta demokratikoei. Eta honek bi irakurketa dauzka: Euskal Herriko prozesua Europan garrantzitsua da, eta, hala, europar erakundeek euskal gatazkaren konponbiderako bidearekin konpromezua hartu dute.

Lehendabiziko momentutik prozesua eraikitzen ibili garenok – EA-ren kasuan batzuetan ia bakarrik – konpromezu honi eutsi behar diogu eta lantzen jarraitu behar dugu, datozen hilabetetan izango diren aurrerapausoak sendotu eta gorpuzteko. Bai Euskal Herrian bai Europa mailan, gure herriaren bakea eta askatasuna tinko defendatu beharko dugu hemendik aurrera ere.

Horretarako Eusko Alkartasunak Euskal Herrian alderdien mahaia lehen bait lehen osatzeko lan eginen du, eta Europa mailan, Alianza Libre Europearen bitartez martxan jarri genuen Friendship taldearekin elkarlana areagotuko dugu, bai ALE-ko gure kideekin baita beste alderdietako (Europako Alderdi Sozialista barne) pertsonekin.

Batzu iragan urriaren 25-eko eztabaidaren irakurketa gazi – gozoa egiten ari dira, Europako Parlamentuaren banaketa azpimarratuz, bozkaren emaitzari buelta eman nahian. Gazitasun bakarra PP-ren arduragabekeria izan da. Baina prozesua martxan da, eta orain edo geroago Estatu espainoleko sektore kontserbadoreek bat egin beharko dute besteon lanarekin.

Orain arte eskuinak mota guztietako azpijoko, aitzakia, gezur eta presio erabili izan ditu prozesu historiko hau zapuzteko. Baita iragan urriaren 25-eko eztabaida ere. Hasiera batean ekiditzen saiatu zen. Ezinezkoa zela ohartu zenean, Europako alderdiak presionatu zituen (hor dago Alderdi Liberaleko eurodiputatuen salaketa). Eta bi egun falta zirela, Espainiako botere judiziala erabili zuten prozesua Europaren aurrean susmopean jarri nahian. Azken momentura arte iskanbila sortu zuen, baita bozketan ere. Baina ez dute bere helburua lortu. Eta hori da funtsezkoena! Bere helburua herri honi irtenbiderik ez ematea baita.

Euskal Herriak bakea eta normalizazio politikoa merezi du. Europak nahi eta esfortzu honi baietza eman dio. Orain euskaldunoi dagokigu erantzun honi forma ematea, eta gure artean akordio demokratiko bat adostea. Inoiz baino hobe, inoiz baino itxaropentsuago gaude.

Europako Parlamentuaren sostengua une historikoa izan da. Baina orain lanean jarraitu behar dugu, hasitako bide politikoa bermatzeko eta gure herriari behin betiko konponbidea eman arte. Eta konponbidea Euskal Herriaren onarpenean eta gure erabakitze eskubidea gauzatzean datza.

Jatorria: Begoña Errazti