IKERNE BADIOLA EAko Komunikazio idazkariaren iritziz, “epaia albiste txarra da berez eta erakusten du zer zaila den Euskal Herrian indarkeriei buruzko irakurketa partekatua egitea”.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkaria Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra azaldu da, 2010eko abenduan lau guardia zibil Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik kondenatu zuen Gipuzkoako Auzitegiaren epaia bertan behera utzi duelako. Badiolaren esanetan, “Gorenak Espainian tortura doan ateratzen dela agerian utzi du berriz ere; bere epaia albiste txarra da berez eta argi erakusten du zer zaila den Euskal Herrian indarkeriei buruzko irakurketa partekatua egitea”.

Badiolak gogorarazi duenez, Gorenak baliogabetu duen epaiak Portu Donostia Ospitalera larri eraman behar izan zutela baieztatu zuen eta frogatutzat eman zuen tratu txarrak izan zirela horren arrazoia; orain, ordea, Gorenak ez die probei begiratzen eta bere aurreiritzi politikoak lehenesten ditu, horrek torturatzaileen zigorgabetasuna ekartzen duelarik”.

EAko buruzagiaren aburuz, “espainiar Estatuan torturak probatzea ia ezinezkoa izateak gatazkaren ondorioak gainditzea eragozten du; behin betiko bakea eraikitzeko ezinbestekoa da indarkeria guztiak, torturak barne, gainditzea”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA