Anjeles Iztueta Azkue. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua Gizartean eta ezagutzaren aroan aldaketa sozialak eta ekonomikoak eta informazio eta komunikazioaren alorrean izaten diren aurrerakuntzak industri iraultzakoak eta kultura iraultzetakoak baino handiagoak dira.

Bizi garen garai honen ezaugarri bat dualismoa da; eta horri Edgar Morinek, europeismoaren aitzindaria izan den Pensar Europa liburuaren idazlea denak, elkarrizketa espirala deitu zion, eta, nahiz eta bi kontzeptu hauek antagonikoak izan, halabeharrez elkarrekin doaz, errealitate bereko bi alderdi dira: unibertsala-partikularra, aniztasuna-batasuna, aukera lehiakortasuna-berdintasuna, tradizioa-modernitatea, errealismoa-utopia, eszeptizismoa-ilusioa…

Demokraziak hezkuntzaren unibertsalizazioa ekarri bazuen, egungo globalizazioak eta mundializazioak, informazio eta komunikazioen iraultza honek, beste eremu batzuetan eredu berriak ekarri dizkigu, Hezkuntzan ere bai. Ezagutzaren gizartean Hezkuntza ez da ikastetxeetako eta eskoletako monopolioa izango, baizik eta ikaskuntza etengabea izango da eta bizitza osoan luzatuko da. Beraz, Hezkuntza Sistemaren aldetik erantzun egokia, bizkorra eta azkarra beharrezkoa da.

Europar batasunaren lehenetariko sustatzaile Jean Monet izan zen honako hau esan zuena: «Berriro hasi beharko bagenu, nik Hezkuntzatik hasiko nuke».

Hausnarketa horrek esan nahi du, alde batetik, Europako batasunean Hezkuntzak ez duela lehentasunezko izaerarik izan berandu arte. Gogoratu baino ez dugu egin behar Europar Kontseilua, Europako lehen erakundea izan zena, 1949an sortu zela eta 1971 arte ez zirela bildu Europako Hezkuntza Ministroak.

Dena dela, egun inork ez du zalantzan jartzen Hezkuntzak garrantzi nagusia duela. Hainbat analista politikok eta estrategak XXI. mendea Hezkuntzaren mendea dela esaten dute, eta gai honetan arreta handiagoa jartzeko eskatzen dute, pertsonen ideien sorreran oinarrizkoa den eremu honetan izango baitira gatazka eta ezberdintasun ideologiko handienak.

Dena dela, Europa ezin da arazo bat izan, konponbidea baizik, nahiz eta orain arte kapitalaren Europa eraiki den baina ez giza kapitalaren Europa edo Herrien Europa.

Duela gutxi Frantzian egindako ikerketa batek erakusten du ematen den informazioaren eta dugun ezagutzaren artean dagoen desfase handia, eta baita ikasitakoaren eta horren erabileraren arteko desfasea ere. Itxuraz, ikerketek ez dute lotura handirik bizi-esperientziekin eta ikasleen ardurekin, eta, beraz, eguneroko bizitzan euren bizipenei edo gizartean bizi dutenei erantzuten diete, eta ez dute praktikan jartzen eskolan ikasitakoa.

Egun, oraindik ere, ikasketa adierazkorra baino gehiago askotan errepikapenean oinarritutako oroimenezko ikaskuntza sustatzen eta saritzen dugu.

Esaten dute entzuten dugunaren %20 ikasten dugula, entzuten eta ikusten dugunaren %40, eta entzuten, ikusten eta guk egiten dugunaren %70. Esaera batek kontzeptu hori azaltzen du: «Hitz egin iezadazu eta ahaztuko dut/ erakutsi iezadazu eta gogoratuko dut/ inplikatu nazazu eta ulertuko dut».

Gure seme-alabek hausnartzen, arrazoitzen ikasi behar badute, gaitasun kritikoa eta sormena sustatu behar dugu, eta euren autoestimua eta autonomia garatu behar dugu. Alde batetik, hezkuntzak esperimentala izan behar du, euren errealitatetik eta arduretatik hurbilago egon behar du, eta, garrantzitsua dena, ezin da kontraesanik egon esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean. Beste alde batetik, eta Golemani jarraituz, gaitasun emozionaletan hezi behar ditugu gure ikasleak, eta emozionalki azkarrak diren pertsonak sortu behar ditugu; inteligentzia emozionalaren alderdi hori hezkuntza planetan ia ez da agertu.

Egoera honetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak lagungarri dira, horiei esker ikasteko egoera berriak sortzen baitira; ikasle-irakasle arteko harreman berria sortzen ari da, eta oraingoan irakaslea akuilari eta gidaria izango da, ikasleari pentsatzen laguntzen diona.

Irakasleek ekimen intelektuala mantendu behar dute, kritikoak izan behar dute eta egokitzeko prest egon behar dute. Hori izango da kalitatearekin izango duten konpromisoa.

Ez dira erronka errazak; orain arte egon den hitzezko eta liburuen bidezko eskola-ereduak ez gaitu kultura horretarako prestatu. Dena dela, ohiko eskola-eredua desagertzear badago ere, 1997an Hezkuntza eta Formazioa Informazio Gizartean txostena egin zuen Europar Batasuneko adituen batzordeak gogorazten digu teknologia birtualek eta sistema automatikoek ez dutela gaindituko, ezta ordezkatuko ere, zuzeneko giza harremanen aberastasuna eta inteligentzia, baina lagunduko dute Hezkuntza hobetzen.

Eusko Jaurlaritzak europar dimentsioari, Hezkuntzan europeismoaren sustapenari bultzada berezi bat eman nahi dio. Europar dimentsioak, Europan integratzeko ezinbestekoa izateaz gain, balore bat eta tresna estrategiko bat da gure Hezkuntza Sistemaren kalitaterako, gure giza errekurtsoen prestakuntzarako eta euskal kulturaren biziraupenerako.

Michel Foucher geografoak dio Europa «entitate geopolitiko birtual bat dela». Nik gehituko nuke Europa kontzeptu dinamiko bat dela, eraikitzen ari garen zerbait.

Baina zertan gauzatzen da europar dimentsioa? Zeintzuk dira helburuak hezkuntzaren eremuan? Maitland Storbart-ek erantzun grafiko bat eman dio galdera horri, eta esan du europar dimentsioaren helburua dela heztea Europan, Europaren arabera eta Europarako.

Hau da, Europan behar ditugun prozedura konpetentziak eta ezagutzak dira: hizkuntza, gizarte eta teknologia konpetentziak.

Europari buruz jakin behar duguna, izan behar ditugun oinarrizko ezagutzak eta kontzeptu ezagutzak. Eta azkenik Europarako izan eta garatu behar ditugun jarrerak, portaerak eta konpromisoak, hau da, jarrerako ezagutzak. Laburtuz: Europan, Europari buruz eta Europarako egiten ikastea.

Hori guztia da gure seme-alabek behar dutena Europan ondo moldatzeko, Europa izango baita mugitzeko eta jarduteko euren eremu naturala. Eta horretarako gaitu behar ditugu.

Gure hezkuntza sisteman europar dimentsioa sartzen dugun neurrian, euskal dimentsioak eremu naturala, erosoa eta egokia izango du. Jatorriz, historiaz eta borondatez Euskal Herria Europako herri bat da; eraikitzen ari den Europa horretan bere lekua bilatzen ari den herria da. Václav Havelek esaten duenez, kultura aniztasuneko Europa honetan beharrezkoa da norberak bere identitatea ezagutu dezan, besteena onartu ahal izateko. Ez gara berdintzen aniztasuna ukatuz, bakoitzak desberdina izateko eskubidea baitu.

Herri txikiek, eta Euskal Herria herri txikia da, horretan sinesten dute. Txikia izatea abantaila izan daiteke, eta, beraz, horretaz baliatu behar dugu baliabideen erabilera azkarra eginez, teknologia berrietan ondo prestatuz eta giza errekurtsoen prestakuntza bikaina eginez.

Negozioaren eta konpromisoaren kulturari, adostasunaren estrategiari, egokitzeko ahalmenari, aztertzeko eta berritzeko jarrera eta ilusioari, kanpora ateratzeko nahiari… duten balioa eman behar diegu. Bake eta gizarte oreka izango duen etorkizun baterako horiek dira Europako herrien arteko harremanak definitu behar dituzten baloreak eta gaitasunak.

Hezkuntzatik, eta gure kasuan Euskal Hezkuntza Sistematik, asko egin dezakegu balore eta gaitasun horien garapenean.

Jatorria: Anjeles Iztueta