Manex Pagola, Iparraldeko EAren arduraduna
Ekainaren 13an jakinen da, beraz, zer eragin izan duen Ipar Euskal Herria, Okzitaniaren zati gehiena eta Ipar Katalunia hartzen dituen Hego Mendebal Handia deitu eremu zabalean, Berdeak alderdiak eta Herrialde eta Herri Elkartasuna Federazioak (Régions et Peuples Solidaires) delakoak aski aspalditik eta lehenagokoen ildotik egin duten hauteskunde hauetako adosteak. Adimenduzko elkar aditze honen berme direla zehazki Ipar Euskal Herrian Eusko Alkartasuna (Iparralde) eta Eusko Alderdi Jeltzalea (Iparralde) taldeak; Okzitanian, aldiz, P.OC (Partit Okzitan deitua), eta ipar Katalunian Bloc Catala eta ERC (Iparralde) alderdiak.

Zorionez, Ipar Euskal Herrian, Abertzaleen Batasuna ere sartu da hauteskunde adoste horretan, Berdeen nahi handiz bederen, eta EA Iparraldek eta EAJ Iparraldek hala onarturik, ABko kide Demo gazte bati zerrendako hirugarren postua emanez nonbait opari. Alta EA Iparralden ere segurrik bada Demorik. Baina paso! Gauza jakina da negoziazio guztietan badela «har edo utzi» jokorik! Baina, hauteskunde hauetan, beharbada, gehienik azpimarratzekoa dena EA (Iparralde), EAJ (Iparralde) eta ABk ez dutela halere Hego Mendebal Handia-n zer dagoen gehienik jokoan begi berdinez ikusten eta neurtzen. Ez bereziki Ipar Euskal Herria hauteskunde barruti horretako zati askoz eta askoz ttipiena baizik ez dela (%3 inguru!). Horrek erran nahi baitu hauteskunde hauetaz ari garenean, aliatuak edo kideak, berez, nonbait zinez beharrezkoak eta beraz garrantzitzkoak direla! Koalizio gogo hori baitu aspaldi ikusia eta beretua Herrialde eta Herri Elkartasuna Federazioak frantses estatuaren zentralismo hutsari nolazpait ihardokitzeko hamabost urte hauetan daraman borroka politiko aski higatzailean. Anartean ere, federazio honetako kideek (EA-iparralde eta EAJ-iparralde Berdeekin eta ABkoekin adostu publizitateaz gain, bere beren publizitatea ere deramate. Zorigaitzez, aski bakarrik eraman beharrekoa hain xuxen herriz herri. Baina guretzat okzitaniar eta katalan abertzaleekin adostuak eta horiei leial egoteak, zin-zinezko elkartasun gogoarekin, badu bere molde eta prezio hauteskunde hauetan ere, nehoiz baino gehiago! (Bestalde, bazter uztekoa ote iparraldeko euskal lurraldean berean oraiko mestizaje berrien aroan! ez ote den guk uste baino okzitaniar eta katalan gehiago? Halaber Okzitanian katalanak eta Ipar Katalunian okzitaniarrak!). Zinez gauza berezia ere ez dela elkartasuna xede eta adoste hortaz ez eztabaidarik ez agerpenik ez euskal mendietan beretan ere! (Ez ote garenez, gisa batez Obskurantismo berrietan sartzen ari egundainokotan?). Demokrazia izpienak berak zer leku trukifanifania horretan guztian? Eta HZk ere doi bat arinki dioenean beste haiek, berak ez diren abertzaleez (EA, EAJ, AB) gure zerrenda Hexagonoaren berritxuratzen baizik ez dela ari, galanki isiltzen du halere Korsikako abertzale gehienak gure urrats beretik ari direla Hego Ekialde deitu hautesbarrutian, Okzitania handiko bigarren zati handi bati (Probentzan Niza, Marseilla eskualdeak) eta Saboiako bi departamenduei lotuz. Ala HZrentzat Korsikako uhartea Hexagonoaren barne dago ote, frantses oilarrak kukurrukatzen duen bezala? Azkenik, EA iparraldekoak segurrik harro gaude elkartasunaren bidetik eginik, aldi bat gehiago, gure urratsa iparraldean, jakin badakigularik Euskal Herri hegoaldean ere EAk jakin duela nolako kideekin uztartu, horrela kurutzatuz ipar eta hegoan Euskal Herri osoaren europar mezu gardena (nazionala, soziala, eta ekologikoa), gainerat argi eta garbi emana dela gu bezalako herri menperatuekin elkartasunez eta bide seguruetarik ibili beharra. Eta ez saski handiegiak bizkarreratu, eta, nunbaitik, handik edo hemendik, ezin bururaino eramanez azkenean bide bazterrean utzi beharra! Mila karraxik ondotik ez baitute ordainduko berriz ere moldez (egiazko egoerari egokitua!) irabazteko edo garaitzeko eraman beharko zen adimenduzko urratsa.

Jatorria: Manex Pagola