Manex Pagola (Eusko Alkartasuneko Iparraldeko idazkaria)
Apirilaren 21ean dugu, beraz, Lehendakaritza horretarako lehen haitada edo txanda.
Bigarrena maiatzaren 5ean izan beharra delarik.
Dugun ikus lehenik
laburki bada laburki zer-nola doan kari horretarat frantses errepublika ederrean!
Eta ondotik zer sentimendu sortzen diguten ekitaldi horren apailuek.
Aldi honetan lehian
direnak 16 kandidatu dira, denek, legeak eskatu bezala, 30 departamendu ezberdinetarik
500 auzapez edo kontseilari edo diputatuen berme bat bezalakoa lortu behar zutela
kandidatu ofizial izateko. Aski badintza nekea, beraz, askorentzat!
Bidenabar, azpimarratzekoa
da ere lehendakaritzako denboraldia zazpi urtetarik bostetarat ekarri izan berri
dela, bai eta diputatuen hauteskundeak ondotik ezarriak. Ekain erdialderako.
Ikusiko zer eragin mota izanen duten diputatu berrien izendatzeko lehendakaritzarako
hauteskunde hauek. Ala berriz ere, arrautzak bi zaretan eman beharrak dituzten
frantses hiritarrek? Lehendakaria kolore batekoa, diputatuen gehiengotik atera
lehen ministroa beste batekoa…
Lehendakaritzako
kandidatu lerroan erraz agertzen dena 16 kandidatuetan lau direla andreak (bata
ezker muturrekoa, bestea ekologista bat, hirugarrena katoliko eskuindar bat
eta laugarrena PRG edo Ezkerreko Alderdi Erradikala deitukoa, egia erran, oso
irekia). Beste hamabi gizonetan bi eskuin muturreko bozen biltzen ari dira,
beste bat ezkerreko ekologisten alde, berdin euskal nazio-arazo zenbait noiztenka
kontuan hartuz, hor ere hiruzpalau eskuinaren bidetik eta beste hainbeste ezker
klasikoarenetik. Eta bururatzeko, bi ezker muturreko botoemaileen faboretan.

Bozka feria eder
baten itxura zerbait hautematen dio batek baino gehiagok igandeko lehen lehia
honi. Eta, feria orotan bezala, bada hor alde on zerbait ere. Hala nola, nehoiz
ez bezala, frantses Estatu/naziotasunaren gogoen berri argi eta garbi agertzen
dela bere aniztasunean edo nabardura askorekin. Baina alde interesgarri hauekin
batera, ez ote dute kandidatu gehienek asko berdinik beren oinarrizko jarreretan?
Hala nola:
1. Nahiz euroaren
garaian edo denboretan izan eta hainbat direktiba eta diruztatze soilik europarrak
izan, zinez kandidatu gutik, ezker aldetik ere, Europa eta europar izatea gutitan
aipatzen duela.
2. Frantses Estatu/nazioak
kaserna zaharberritu batek bezala oraino luzaz iraun dezakeela eta behar duela…
ez ote duten kandidatu gehienek erakusterat ematen? (Ate berriak non eman…
tanke berriak edo kamioiak zein kolorez margotu…) sutsuki eztabaidatu ondoan!
Iduri eta ez dela premiazko beste aldaketarik egiteko gaurko frantses Estatu
eraikiduretan! Hala nola hiperzentralizatu botere politikaren behingoz aldatzea.

3. Nahiz frantses
hiritar ekarriak diren 60 milioitarik herenak segurik lurralde eta kultura aski
berezitakoak izan (alsaziar, bretainiar, ipar euskal herritar, ipar katalan,
korsikar, okzitaniar, saboiar eta abar… itsasoz haratagoko hiritarrak bestalde…)
ez dutela horien izaeraz eta nahi sakonez 16 kandidatuek hainbat axola argi
zehatzik. Hasteko eskuin aldean oso guti. Denik ere ezkerreko ekologistak eta
beste gisa batez Guyana frantseseko jatorria duen PRGko kandidatu andereak errealitate
horietaz aipamen eta egitasmo labur zerbait egiten digutela halere, noizteinka.
Eta, bistan dena, hau bera prentsa ofizialistak laster tapatzen duena.
4. Frantzian hainbat
funtzionariok zaintzen duten Errepublika berezian —alta badelarik datu
berezirik— debaldeko diru publiko xahutzeaz: adibidez, urtero izaten den
zortzi miliar euroko diru xahutze publikoa edo, berdin, ohizko eskuin eta ezkerraren
aginte iruzurrak direla, eta… hau dena ere, gisa ederrez bezala, estalia gelditzen
dela denen buru. Miserable izatea litzatekeela eta botoemailea are gehiago nardatzea
eta boto ematetik urruntzea…
5. Estatu mailan
ari diren berri emaileak beren bost eginahaletan dira nahiz boto gehiena pulunparazi
bigarren haitada edo txandarako ohizko eskuin edo ezker alderat. Hots, aldaketa
gutienik ekar dezaketen alderdietarat karta onak aitzinerat edo aurretik abilki
banatuz bezala… Truko askoz bete partida, berriz ere.
Eta horra non gauden
berriz ere kontserbatismoaren uretarat lerratzerat suharki deituak, lehen txandan
edo haitadan asko tentatuak izaten baldin badira ere ibilaldi libre bat honat
edo harat egiterat pinpirinen edo tximeleten gisa… Damurik frantses Estatuko
herrialde nazionalitario ukatuek ez dutela oraino beren arteko lokarri aski
tinko eta eraginkorrik, elkarrekin sistema lehertzaile honi buru egiteko lehendakarigai
bat aurkeztuz!
Hau guzia ikusita
eta nola diren Frantziako Estatuko herrialde eta jendalde berezien eskubideak
(tokiko kulturak, hizkuntzak, erabakigune eta abar…) hain arinki bazter utziak,
hemen Jospin bat bera ere ez baita Ipar Euskal Herriari buruz 1995ean hitzemana
bera —Euskal Herri Departamendua— bet-betan ukatzeko ere lotsa: Biarnoko
eta Bordele aldeko aferagune eta sozialisten artean ez boto gehiegi galtzeko!
Zer gomendio mota egin dezake bada hemen Eusko Alkartasuna bezalako alderdi
Euskal Herrizale baketsu eta sozialdemokrata batek? Hutsari hutsa ufatzeaz besterik,
gure iritziz, botoemaileak egin dezala nahi duena baina halere bozkatzerat joanez,
hiritar eskubidea bederen baliatuz, eta, bere gustuko kandidaturik ezin aurkituz
baldin bada, harriduraren he! he! he!… atera ordez, hiruko EEE argiz idatzi
papertxo xuri soil bat boto ontzian duinki jaitsarazi: Euskal Errepublika Europan!
nahi dugula Euskal Herrian behar bezala kontuan hartuak izatekotz gaurko munduan.
Hau bezalako zerbait, boto baldintza kurios hauetan, ez ote, azkenean, libreki
boto ematea?
Jatorria: Eusko Alkartasuna