Galdeketa egin ezean hauteskundeak egin eta abertzaleen nagusitasunak egoera argituko duela dio Ibarretxeren proposamenak egin dezakeen ibilbidearen inguruan ezkor dago Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia. Proposamenak Espainiatik jaso dituen aurkakotasun gogorrek eta izaten ari den presio mediatikoak, etorkizun handirik ez duela izango pentsarazi dio. Galdeketa egingo denik zalantzan jartzen du. Eta Espainiako Gobernutik bertatik ematen ari diren ezezkoak, arazoaren muina erakusten duela deritzo: «Ez dutena nahi da Euskadik burujabe izan nahi duela esatea eta hori esan ez dezan saihestu nahi dute aurrez galdeketa». Sabino Arana Fundazioak antolatuta Euskalduna jauregian eman duen hitzaldian egin ditu adierazpenok. Euskadi munduan. Hiru lehendakarien gogoeta izenburupean antolatu du hitzaldia Fundazioak. Jose Antonio Ardanzak eta Juan Jose Ibarretxek hartuko dute lekukoa datozen egunetan.

Galdeketaren apustuari eustearen aldekoa da Garaikoetxea. Egin ez arren, saiatzeak onurak ekarriko dituela uste du. «Galdeketa egitea eragozten bada, hauteskundeak egitea litzateke logikoena, herritarren epaia zein den ikusteko. Eta, hauteskundeetan indar abertzaleak garaile badira, autodeterminazio eskubidearen aldeko presioa areagotuko da». Hain zuzen, galdeketarik egin gabe ere, hauteskundeetan herritarrek erabakitzeko eskubidearen alde egingo luketela uste du. Eta horrek, nazioartera
zilegitasun handiagoz jotzea ahalbidetuko lukeela. Nazioartean, egoera argi geratuko litzatekeela iruditzen zaio, eta hori, aurrerapausoa litzatekeela.

Edozein kasutan, hori guzti hori ETA gabe izango litzateke «baliogarri» bere esanetan; «terrorismoak kutsatuta ez balego soilik». Hortaz, Espainiako Gobernuari presio egiteko modua litzateke hori, Garaikoetxearen ustez. Izan ere, gaur gaurkoz, «Estatuarekin kontsentsua lortzea ezinezkoa dela dirudi».

EUROPA

Nazioartean, berriz, badu konfiantza. Europan, batez ere. «Europa askoz demokratikoagoa da». Eta, Garaikoetxearen ustez, euskal instituzioek «demokratikoki eta herritarren babesarekin» eginiko eskaerei Espainiak etengabe ezetz esaten diela ikusten badute, horren aurka agertu daitekeela sinistuta dago. «Ez da erraza, baina zailagoa da Espainiako Estatuak onartzea», aitortu du. Hortaz, «gure egoera nazioartean ikustarazteko garaia» dela dio. «Hori da konponbide bakarra». Horretarako ETAk indarkeria alboratua behar lukeela, eta abertzaleen arteko indar metaketa gauzatu behar litzatekeela uste du. Baina bien bitartean zail ikusten du indar metaketa hori.

Zapaterorengandik, berriz, «ezin da askorik espero», hausnartu du. Berarekiko «deskonfiantza» ezagutzak eman diola dio. Eta «beti irribarretsu egotea hortzak erakustea baino atseginagoa den arren», hori baino gehiagorik ez duela emango deritzo. Edozein kasutan, Espainiako hauteskundeak irabazten baditu, bakea lortzen saiatuko den esperantza baduela aitortu du. «Beharrezkoa da berriz saiatzea».

Jatorria: Carlos Garaikoetxea