Lehendakariak alderdien mahaian arazoak ikusten ditu Carlos Garaikoetxea lehendakariak ´El Punto´ ETBko saioan atzo egin zioten elkarrizketan adierazi zuenez, Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazio mahaia ´lan egiten ari da eta lan egiten jarraituko du´. Ibarretxe lehendakariak eratu nahi duen mahaiari dagokionez, ordea, arazo gehiago ikusten ditu.

´Euskal politikan azken hilabeteetan bi mahai horiei buruz asko hitz egin da, baina planteamendu hori, nazionalistek orain dela asko egindako zerbait da´, gogorarazi zuen Garaikoetxeak. ´Lehenengoa, alegia, Gobernuaren eta ETAren artekoa, aspektu teknikoetaz arduratuko da, besteak beste, logistikaz edota presoetaz eta hau dagoeneko lanean ari da´, jakinarazi zuen.

Gainera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ´apustu handiagoa´ egin behar duela nabarmendu zuen eta ´oposizioak eta inkestek ez diotela ikararik eman behar´ gaineratu zuen.

´Bakea eta normalkuntza politikoa lortzen badira, bere aurretik izan diren presidenteek lortu ez duten lorpen historiko izan dezakeela pentsatu behar du´, esan zuen.

ETArentzat lurreratzeko pista, aurrerapausoak eman dezan

´ETAk, bere aldetik, azken komunikatuan egin zituen adierazpenak baino urrats garrantzitsuagoa eman behar du, behin betiko urrats ausart bat´, argi utzi zuen Garaikoetxeak. Horren harira, Batasuna ere ETAri zuzendu behar zaiola azpimarratu zuen.

Bigarren mahaiaz ere mintzatu zen lehendakari ohia eta ´oso konplikatua´ izango dela nabarmendu zuen. Halere, alderdi guztiek parte hartuko duten mahai bati buruz hitz egitea oso positiboa dela agertu zuen. Bere esanetan, ´lurreratzeko pista gisa balioko du benetan garrantzitsua denarentzat; ETAren eta ekintza armatuen bukaera heltzeko´
Jatorria: Carlos Garaikoetxea