Planaren xede nagusia ezinduek enplegu arrunta lortu dezaten sustatzea da, eta enplegu horri eusteko berme gehigarriak izan ditzaten, ezintasuna dela-eta diskriminaziorik jasan gabe eta kalitatezko neurri eraginkorrak sustatuz
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburu Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako batzordean agertu da gaur, Ezintasunak dituzten Pertsonak Lan Merkatu Arruntera Sartzeko 2004-2006 Planaren edukiaren berri emateko. Plan hori abenduaren 14an onartu zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak. Adierazi zuenez, plan horren bitartez erantzuna eman nahi zaio ezintasunen bat dutenen egoerari, hau da, gizarteratzeko ez ezik laneratzeko ere zailtasun nabarmenak dituen giza talde horri.

Sailburuaren iritziz, “bere burua gizarte aldetik aurreratu eta progresistatzat hartzen duen gizarte batek ezin du ezikusiarena egin —eta ez luke egin behar— giza talde horren beharren aurrean. Gizarte batean inor ezin bada diskriminatu arraza, hizkuntza edo sexuarengatik, ezin izango da diskriminatu, ezta ere, ezindua izateagatik. Zalantzarik gabe, hori edozein Administrazioren helburuetako bat izan behar da”, adierazi zuen. Hori dela eta, Sail horrek —ezinduak ordezkatzen dituzten elkarteen, ezintasunen arloan lan egiten duten entitateetan parte hartzen duten pertsonen eta eragile ekonomiko eta sozialen lankidetzarekin— “diskriminaziorik ezaren helburu horretan aurrera egiten lagunduko digun Plana” diseinatu du.

Sailburuak azaldu zuenez, nahi izan duenak hainbat modu izan ditu lankidetzan jardun eta ekarpenak egiteko: haien ekarpenen bidez, izan ere, planaren zirriborroa gizarte eragileei eta arlo horretako gobernuz kanpoko erakundeei bidali zitzaien, eta Bilbon, 2003ko urrian, osoko bilkuran eta batzordeetan egindako entzunaldi publikoan izan ziren; horretaz gain, Legebiltzarrean bertan ezinduei buruz egindako Batzorde txostengilean parte hartu zuten legebiltzar-taldeek egindako ekarpenak kontuan hartu ziren. Era berean, gogorarazi zuen Arartekoak egindako txostena ere erabili dela, eta sindikatuen eta enpresarien ekarpenak ere jaso direla, Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen (EGL) bitartez. Horren ildotik, azpimarratu zituen LHK eta EGLtik iritsitako ekarpenak, hainbat gairi buruzkoak: lan-motibazioa, erakundeen koordinazioa edo Lanbidek edo Hobetuz erakundeek jokatu beharreko papera eta Planaren garapenean gizarte-eragileen partaidetza indartzea.

Edonola ere, Azkarragaren iritziz, aurreko guztia bezain garrantzitsua izan da ezintasunak dituzten pertsonak ordezkatzen dituzten eta arlo horretan lan egiten duten entitateekiko lankidetza. Gogorarazi zuenez, abenduaren 22an elkarte horiek beraiek Planarekiko konpromisoa adierazi zuten, horrekiko atxikimendua adierazteko baterako sinadura-ekitaldian parte hartuz. Elkarte horiek Legebiltzarrean egon nahi izan dute gaur, agerraldi honen lekuko izateko. “Gure Sailak pertsona eta elkarte horiekin batera lan egin du prozesu honetan guztian, eta horiekin eztabaidatu ditugu Planaren helburu eta ekintzak, eta, begi-bistakoa denez, adostasun garrantzitsua eskuratu dugu horiekin, bai diagnosiaren bai garatu beharreko neurrien inguruan”.

Hortaz, sailburuaren hitzetan, Planak “bi sortzaile ditu”: batetik, euskal administrazioa, oro har, eta gizarte eragileak, arlo desberdinetan ezinduen gaian gure erkidegoan lan egiten duten elkarte eta entitateen bitartez”. Azkarragak onartu du Plana askoz lehenago onartu zitekeela Jaurlaritzaren Kontseiluan —2003an, Entzunaldi Publikoaren ondoren— ia amaituta zegoelako, baina “presak edo itxurakeriak edo aukera politikoa alde batera utziz, nahiago izan dugu ahalik eta adostasun handiena lortu Planaren inguruan”.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EZINDUEN EGOERA

Politika publikoen eboluzioa

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu azken urteotan ezinduen inguruan bizi izan dugun eraldaketaren garrantzia; izan ere, horren ondorioz, sorospen-medikuntzan oinarritutako politika batetik egungo laneratze eta gizarteratzera igaro gara. Ezinduen beharrei erantzuteko historian zehar garatu diren politika publikoak eboluzionatuz joan dira, ezintasuna bera azaltzeko eredu desberdinak izan ahala, eta arlo horretan izan diren ikerketetan aurreratu ahala. Gaur egun arlo guztietan irisgarritasuna lortu nahi da, eta eskuartean dugun arloan —enpleguarenean— pertsona horiek ahalik eta burujabe eta ahaldunago izan daitezen lortzea da helburua; horrela, laneratu daitezen, eta, finean, haien bizi-kalitatea eta gizarteratzea hobea izan dadin.

1982 urtetik —urte horretan onartu zen Ezinduak Gizarteratzeko Legea (LISMI)— gaur arte, urrats garrantzitsuak eman dira ezinduak gizarteratzeko eta laneratzeko bidean. Milaka lanpostu sortu dira enpleguko zentro berezietan. Gizarteratzeko ibilbide pertsonalak sendotu dira. Ezinduen lan-baldintzen normalizaziora hurbilduz joan dira. Hainbat programa eta jarduera burutu dira, Europar Batasuneko Giza Baliabideen eta Enpleguko ekimenen barruan. Eta ezintasunak dituzten langileen trantsizioa —babestutako enplegu batetik lan-ingurune arruntera— bultzatzeko urratsak ematen hasi gara, eta hori da, zalantzarik gabe, plan honen bidez bilatzen den azken helburua.

EAE aitzindaria izan da Estatuan ezinduak laneratzea helburu duten neurriei dagokienez; eta hori posible izan da, neurri handi batean, bertako elkarteen mugimendu oparoari esker. Eta horri esker, posible izan da, hirurogeiko hamarkadaren bukaerako tailer babestuetatik hasita, ezinduei laneratzeko banakako ibilbideak eskaintzera iristea. Hala eta guztiz ere, aipatutako ahaleginaren ondorioz aldaketa handia izan den arren, zailtasun handiak daude oraindik giza talde hor lan-merkatu arruntera sartzeko, egoera normalizatu batean. Ikusten dugu oraindik neketsua dela babestu gabeko enpresetara —enpresa arruntetara— sartzeko bidea. Une honetan, eta egoera horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin nahi izan du ezinduak lan-merkatu arruntera sartzearen alde, gainerako erakundeekiko lankidetzan. Azkarragaren ustez, ezintasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntera sartzeko Plan hau, beraz, urrats bat gehiago da, garrantzitsua gure ustez, sorospen-politiketatik gizarteratzea eta laneratzea helburu duten beste politika batzuetarako eboluzioan.

Ezinduen egungo egoera

Azken datuen arabera, lan egiteko adinean (16-64 urte) dauden ezinduak 57.000 inguru dira EAEn, horien %61,6 gizonezkoak dira, eta %38,4 emakumezkoak. Hortaz, ezintasunak dituzten gizonezkoak lan egiteko adinean daudenen %4,6 dira EAEn, eta emakumezkoak %2,9. Datu hori ikusita, ondorioztatu dezakegu emakumeetako batzuk ez daudela erregistratuta, eta horren ondorioz, ez dutela zerbitzu-prestaziorik jasotzen.
Horren ildotik, ikusi daiteke ezinduetako asko lanik gabe dagoela. Bestalde, ezinduen jarduera-tasa lan egiteko adienean dauden biztanleen tasa orokorra baino askoz txikiagoa da, azken hori %70 ingurukoa baita. Langabezia tasa oso handia da giza talde horretan, %33,3koa, EAEko herritarrak oro har hartuta, berriz, langabezia %7koa zen joan den urteko laugarren hiruhilekoan. Langabeziak antzeko eragina du gizon eta emakumeetan, nahiz eta pixka bat txikiagoa izan emakumeen artean, EAEko langile guztien artean ez bezala: %33,8 gizonezkoen artean eta %32,6 emakumezkoen artean.

Bestalde, oso datu garrantzitsua dago lan-ezegonkortasunaren inguruan, alegia, enplegua hobetzeko eskari gehiago dagoela langabetu baino. Era berean, kontuan izan behar da lan-egoera hobetu nahi duten gehienek enplegu-zentro berezietan lan egiten dutela, eta zentro horiek egiten dituztela ezinduen kontratazioen %80. Planaren bitartez zera lortu nahi da: sortzeko helburu nagusia zena lortzea, alegia, zentro horiek egiten duten lan garrantzitsuak balio izatea enplegu babestutik enplegu arruntera igarotzeko bidea errazteko.

PLANAREN XEDEA ETA SORTZE-PRINTZIPIOAK

Ezgaitasunak dituzten Pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Lan-Merkatu Arruntera Sartzeko Plana (2004-2006) ezinbesteko tresna bihurtu da ezintasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntera sartzeko neurriak sustatzeko, eta Erkidego honetako administrazio publikoek aurrera daramatzaten politikak koordinatzeko.

Beraz, Planaren xedea zera da: Euskal Administrazio Publikoak —dagozkion eskumenen barruan eta gizarte- eta produkzio-ehunean dauden sinergiak kontuan izanik— baldintza egokiak bilatzea ezintasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntera sar daitezen, bertan irauteko berme osagarriak izan ditzaten, eta ezintasuna dela-eta garapen profesionalean diskriminaziorik izan ez dezaten, horretarako kalitatezko neurri eraginkorrak ezarriz.

Honako hauek izan dira Plana idazterakoan oinarritzat hartu diren printzipioak:

1. Bazterkeriarik eza —zentzu zabalean—, eta genero-ikuspegia eranstea. Ezinduek egun nozitzen duten bazterkeria ebitatu nahi da, eta bazterkeria bikoitza sortzen duten eragileen aurka lan egin —hori da, adibidez, emakume ezinduen kasua—.

2. Gizartearen partaidetza. Planak lan-arloko eta elkarteetako eragileen eta ezinduen beraien partaidetza sustatuko du, horiek ordezkatzen dituzten erakundeen bitartez.

3. Osoko ikuspegia. Laneratzeko ibilbide osoa eta enpleguaren egonkortasuna sustatu nahi ditu Planak, oso-osorik, berariazko jardueren bitartez.

4. Kalitatea, eta zehazkiago, EFQM eredua, planaren barruan egiten diren ekintza guztien jarraibide gisa.

5. Politika aktiboak sustatzea. Izan ere, Planaren helburu orokorra esparru bat sortzea da, Euskal Administrazio Publikoak, geure eskumenak baliatuz, ezinduak lan-merkatu arruntera sartzeko politikak diseinatu ditzagun.

6. Plan hau uztartuta dago Enplegurako Erakundeen 2003-2006 Planarekin, eta horren zatia da. Bien indarraldia 2006an amaituko da.

PLANAREN EGITURA

Plan hau abian jarri, koordinatu eta buruzagitza zein garapena kontrolatzeko beharrezkoa da egitura bat sortzea, sustatzen duten erakundeak eta betearazpenean parte hartzen duten gizarte-eragileak uztartzen dituena. Horren ildotik, Plana betearazteko egiturak hiru maila izango ditu, eta horietako bakoitzak egiteko eta erabakimen jakinak izango ditu dagozkion alorretan. Mailak hauek dira:

Zuzendaritza eta koordinazio batzordea

Batzorde horren egiteko nagusia Planaren garapenaren buru izatea izango da, ekitaldi bakoitzean betearazteko zuzentarau nagusiak ezarriz, Enplegurako Erakundeen 2003-2006 Planaren programazio eta ebaluazioan sartzeko. Batzorde horrek Plana betearazi behar duten erakundeen lan koordinatua sustatuko du.
Zuzendaritza eta Koordinazio Batzordea lau alderdiren artean osatuko da, eta bere barruan izango dira euskal administrazio publikoa —bere maila desberdinetan— enpresaburuen elkarteak, sindikatuak eta ezinduak gizarteratzea eta laneratzea helburu duten elkarteak. Lau alderdietako bakoitzak 5 kide izango ditu, eta guztira 20 kide izango dira.

Jarraipen eta Ebaluazio Batzordea

Batzorde horren egiteko nagusia Planaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea da, Koordinazio Batzordeari informazioa emanez, proposatutako helburuen betetze-mailari buruz.

Lantaldeak

Egitura tekniko ez egonkorrak izango dira, eta jarraipen eta ebaluazio Batzordeak sortuko ditu, Planaren betearazpenaren ondorioz detektatzen diren behar bereziei erantzuteko.

PLANAREN JARDUERA-ARLOAK

Plana zazpi arlotan egituratuta dago, eta horietako bakoitzak aurrekontu atal bat du. Horretaz gainera, 14 helburu ditu, eta horietara iristeko 79 ekintza zehatz garatuko ditu. Sailburuak arloak eta horien helburuak zehaztu zituen, Planean garatuta jasotzen diren ekintza zehatzak aipatu gabe utziz, agerraldia gehiegi luzatuko zelako bestela.

1. ARLOA: IKERKETA

Arlo honetan garatuko diren jardueren xedea ezinduentzako enplegu-politiken diseinuan giltzarri diren aldagaiak identifikatzea da, ezinduak lan-merkatu arruntera sartzen laguntzeko duten eraginkortasuna ebaluatuz. Horretaz gainera, lan-munduarekin lotutako produktu, programa eta teknologia-zerbitzuek irisgarritasunren balio erantsia kontuan har dezaten sustatzeko helburua dute, ezintasunak dituzten edo ez dituzten pertsonek erabili ahal izan ditzaten.

Helburuak:

1. Sexuaren araberako estatistika-informazio fidagarria eta kalitatezkoa izatea ezinduek lan-merkatuan duten egoerari buruz, eta egoera horrek denboran zehar duen eboluzioari buruz.
2. Teknologia berrien diseinuak laguntza teknikoak garatu ditzan bultzatzea, enplegurako baliabideen irisgarritasuna sustatzeko eta lanpostuak ezinduentzat egokitzeko, bai teknikaren bai ergonomia orokorraren ikuspuntutik, guztientzako diseinua jomugatzat ezarriz.

2. ARLOA: SENTSIBILIZAZIOA

Ezinduen lan-indarra lan-merkatu arruntera sartzeko dagoen premia larriari buruz gizartea oro har, eta ekonomia- eta gizarte-eragileak bereziki, mentalizatzea helburu duten hainbat jarduera dira.

Helburuak:

1. Ezinduen jarduera-tasa nabarmenki igotzea.
2. Ezinduek duten lan-egiteko gaitasunaren ezagutza zabaltzea lan-ingurunean.
3. Enpleguaren sustapenarekin eta lan-arlo orokorrarekin zerikusia duten programa guztietan ezintasunaren aldagaia kontuan hartu dadin lortzea.

3. ARLOA: ENPLEGURAKO INFORMAZIOA ETA ORIENTAZIOA

Arlo honetan sartzen dira ezinduei —lan-merkatu arruntean sartu ahal izan daitezen— behar duten informazio eta aholkularitza emateko helburua duten neurri guztiak, pertsona horien gaitasunak, helburuak eta gurari pertsonalak kontuan izanik, dauzkaten laguntza-beharren moten edo intentsitatearen arabera.

Helburuak:

1. Informazioa, aholkularitza eta lanerako orientazioa ezindu guztiengana iristen dela bermatzea.
2. Enplegua eraginkortasunez bilatzeko autonomia sustatzea.

4. ARLOA: LANBIDE-HEZIKETA

Ezintasunak dituzten pertsonek hiru heziketa-azpisistemetan prestakuntza teorikoa eta praktikoa —eraginkorra, kalitatezkoa eta lan-merkatu arruntaren beharretara egokitua— jasotzen dutela bermatzea helburu duten ekintzak dira.

Helburuak:

1. Erkidegoko erakunde publiko edo pribatuek antolatutako lanbide-hasierako, lanbide-heziketa arautuko eta lanerako prestakuntzako plan eta ikastaroetan ezinduek parte hartzen dutela bermatzea
2. Enpresetan prestakuntza praktikoa eman dadin erraztea.
3. Ezintasunak dituzten langileei behar duten etengabeko lanbide-prestakuntza eskaintzea.

5. ARLOA: ENPLEGUAREN SUSTAPENA

Arlo honetan ezinduak enplegu arruntera sartzea eta han irautea, eta haien karrera profesionala sustatzea helburu duten hainbat ekintza sartzen dira.

Helburua:

1. Ezinduak lan-sistema arruntetara sartzen direla bermatzea.

6. ARLOA: ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK

EAEko Administrazio Publikoak ezinduak kontratatzen eta lan-mailaz igotzen eredugarriak izatea helburu duten ekintzak. Eta, Jaurlaritzari dagokionez, Gobernu osoan, bere Sail guztietan, politika horiek aplikatzeko konpromisoa.

Helburuak:

1. Ezinduak Administrazio Publikoko enpleguak hartzen dituztela bermatzea.
2. Ezinduak enpresa arruntetara sartzea sustatzea, sektore publikoaren kontratazioaren bitartez: Administrazio Publikoak, enpresa publikoak eta partaidetutako enpresak.

7. ALORRA: LAN-HARREMANAK

Lan-arloan indarrean dauden ezinduen inguruko arauak betetzen direla bermatzeko neurriak, bai sektore pribatuan bai publikoan.

Helburua:

1. Ezinduei buruzko lan arloko legeak betetzen direla ziurtatzea, eta ekintza positiboa sustatzea.

PLANAREN EBALUAZIOA

Azkarraga sailburuak baieztatu zuenez, Planak jasotzen dituen prozesu eta ekintzen jokabidea identifikatzeko xedearekin, etengabeko ebaluazioa egiteko edo, hala dagokionean, abian dauden jardueren norabidea aldatzen laguntzeko eta etorkizuneko ekintzen planifikazioa bideratzeko baliabideren bat jartzea erabaki du Sailak. Horri esker, jokabide egokiak hedatu ahal izango dira, eta gizarteak ezagutu ahal izango ditu Planaren benetako ekarpenak. Plana gizarte-arlokoa denez, ebaluazioa egiterakoan eragile desberdinen partaidetza izan beharko da. Horren ildotik, parte hartzen duten eragileek ebaluazioaren emaitzak ezagutu eta eztabaidatu beharko dituzte, inplikaturiko erakunde eta gizarte-entitate guztiek ulertu eta erabili ditzaten, planaren jomuga diren ezinduak ahaztu gabe. Ebaluazio prozesu hori Administrazio Publikotik kanpoko erakunde batek egingo du, ebaluazio horren gardentasuna bermatzeko.

AURREKONTUA

Planaren aurrekontua lau milioi eta erdi eurotik gorakoa da, zehazkiago: 4.549.562 eurokoa, Jaurlaritzako hainbat sailen artean banatua.

ONDORIOAKGure Sailean begi-bistakoa da beharrezkoa dela Ezintasunak dituzten Pertsonak Lan Merkatu Arruntera Sartzeko Plana, eragile sozial eta politiko guztiek ere adierazi duten bezala. Hori bakarrik nahikoa da esateko aurrerapauso garrantzitsua eman dugula jadanik.Baina, horretaz gainera, gure ustez Plan hau —daukan adostasun-maila kontuan izanik— ezinduak lan-merkatu arruntera sartzeko egiten diren politiken erreferentzia-gune izango da. Halaber, proposatzen diren helburu estrategikoak lortzen eta plana sustatzen duten balioak gauzatzen izandako arrakasta ebaluatzeko aukera emango digu. Planak berebiziko garrantzia ematen dio giza talde horrentzako Lanbide Heziketari; izan ere, gure ustez —eta hala adierazi dute, baita ere, plana egiterakoan parte hartu duten gizarte-eragileek— enpresen beharretara behar bezala egokitu gabe, laneratzea oso zaila izango litzateke.Planaren sorburuan, beraz, balio demokratikoen babesean Eusko Jaurlaritzak duen erabateko sinesmena eta konpromisoa daude. Izan ere, enplegua aurkitu eta iraunarazterakoan pertsona guztien aukera berdintasuna bermatzea balio demokratiko bat da. Eta aukera-berdintasuna bermatzea, Jaurlaritzaren betebeharra ez ezik, gizarte osoarena ere bada, are gehiago laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun handiak dituen giza talde batez ari garenean. Azkarragaren ustez, planaren helburua betetzea “lan luze eta neketsua izango da, baina ezinduak lan-merkatu arruntean sartzea ukaezinezko helburua izan behar da administrazioarentzat, eta halaxe da euskal gizartearentzat eta gure Gobernuarentzat.” “Uste osoa dugu plana betearazteko erantzukizun zuzena dugunok —Jaurlaritza, aldundiak eta udalak— hori betetzeko gai izango garela, nahiz eta, zalantzarik gabe, gizarte-eragileen partaidetza eta inplikazioa benetan ezinbestekoak diren”, esan zuen amaitzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga