Esther Larrañaga Esther Larrañaga EAko sailburuak bi bilera izan ditu Londresen: Wangari Maathai nobel-saridunarekin eta Erresuma Batuko Ingurumen Agentziarekin.

Milioi bat eta erdi zuhaitz baino gehiago landatu ziren 2006 eta 2008 artean Kenyan, Eusko Jaurlaritzak eta Green Belt Movement elkarteak izenpetutako hitzarmenari esker. Bakearen Nobel sariduna den Wangari Maathai-k zuzentzen du elkarte hori, eta berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak orekatzeko baso-berritzeak egiten ditu.

Proiektua bultzatzen duen Esther Larrañaga (EA) Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak datu horiek eman ditu ezagutzera gaur, elkarte horretako arduradunekin Londresen bildu ondoren.

Zehazki, 1.585.744 zuhaitz landatu dira. Bereziki, ura hartzeko gune andeatuetan: oihanetan, abeletxeetan eta lursail publikoetan (eskolak, ospitaleak, bideak, elizak…). Horrekin, 24 mila tona CO2 inguru konpentsatu dela balioesten da.

Atmosferara isurtzen den CO2-a orekatzeko lehentasunezko helburu horretaz gain, Eusko Jaurlaritza eta Green Belt Movement elkartearen arteko baterako ekimenak emakumeen parte hartzeko bidea ematen du eta komunitateen garapen jasangarria sustatzen du.

Londresera egin duen bisitan, Erresuma Batuko Ingurumen Agentziaren arduradunekin ere izan du bilera bat sailburuak. Ingurumenaren arloan administrazio biek bideratzen dituzten politiken inguruan jardun zuten: bereziki, klima-aldaketari aurre egiteko eta uholdeei aurrea hartzeko moduaren gainean.