Asteburu honetarako antolatutako ekitaldiei begira, Eusko Alkartasunak berdintasun eskubidea aldarrikatzen du homosexualentzat

Eusko Alkartasunak homosexualen parekatze legal eta sozialaren alde egiten du eta berdintasun eskubidea aldarrikatzen du giza-talde horrentzat, asteburu honetan zehar egingo diren mobilizazioei eta ekitaldiei begira.

Eusko Alkartasunak nabarmendu duenez, legeek gizartearen zerbitzura egon behar dute berdintasunaren, justiziaren eta duintasunaren irizpideen arabera arautu eta antolatzeko; legeek ez dute gizartea itoarazi eta mugatu behar botere eta gizarte-sektore zehatz batzuek gure elkarbizitza pertsonalari, gure harreman afektiboei eta gure bizitzari buruz duten ideiari jarraituz.

EAren iritziz, bereziki garrantzitsua da aurten asteburu honetako ekitaldiek emakumeei aipamen berezia egitea, homosexualitateari dagokionean beraiek ikusezintasunaren fenomenoa pairatu baitute, beste egoera eta errealitate askotan gertatzen zaien bezala, emakumezkoek sektore ugaritan oraindik diskriminazioa jasaten dutelako eta pentsamolde matxistak, horren kontrako ahaleginak eginda ere, oraindik irauten duelako. Emakumeak, beraz, diskriminazio bikoitza pairatzen du.

EAren aburuz, askatasuna zabala da edo ez da: sexu-aukerarako askatasuna, harreman afektiboen eredu askatasuna, elkarbizitzarako askatasuna, bi lagunen arteko konpromisorako askatasuna… Hau dela eta, EAk aukera berdintasuna aldarrikatzen du pertsona guztiek zoriontasuna lortzeko hain garrantzitsua den eremu horretaz askatasunez erabaki dezaten.

Jatorria: Eusko Alkartasuna