Gezuragak salatu duenez, “PSOEk etxeko langileei eskaintzen dien gizarte-babesa industrializazio garaikoa da, baina ez XXI. mendekoa”

Bizkaiko Batzar Nagusietan Eusko Alkartasunako bozeramailea den Joseba Gezuragak mozioa aurkeztu du espainiar Gobernuari etxeko langileen lan-baldintzak hobe ditzala eta Gizarte Segurantzak kolektibo horri eskaintzen dizkion prestazioak duin egin ditzala eskatzeko. Ekimena astelehenean, hilak 29, eztabaidatuko da Bizkaiko Batzar Nagusietan, osoko bilkuran. Mozioak, halaber, espainiar Gobernuari eskatzen dio lan-harremanetarako marko propioa izateko EAEk duen eskubidea onar dezala. Marko horrek lan-baldintzak eta gizarte-babesa geure errealitatearen arabera arautzeko eta antolatzeko aukera emango luke.

Gezuragak nabarmendu duenez, “bada garaia etxeko langileen egoera duintzeko. Milaka langile dira, ia-ia lan araudirik gabe eta Gizarte Segurantzaren prestazio onartezinekin, eta horrek ezkutuko ekonomia bultzatzen du etxeko lanetan bereziki, beste langileekin alderatuz sekulako diskriminazioa izateaz gain”.

EAko eledunak PSOEri leporatu dio “patronalaren tesiak bere egin izana, langile hauek egungo baldintzetan mantentzeko, Rodriguez Zapaterok hauteskunde-kanpainean etxeko langileen egoera hobetzeko konpromisoa hartu zuen arren”.

Egoera honen aurrean, Arabako zein Bizkaiko Batzar Nagusietako EAko eledunek, Lauren Uriak eta Joseba Gezuragak, hurrenez hurren, mozioa aurkeztu dute etxeko langileen Erregimen Berezia erreforma dadila eskatzeko. “Ez da hainbeste denbora igaro Estatuko Gobernuak Autonomoen eta Nekazarien Erregimen Bereziak berritu zituenetik eta hor ere gabeziak egon bazeuden arren, haien egoera etxeko langileena baino hobea zen hala eta guztiz ere. Noski, etxeko langileen kolektiboak ez du beste batzuek bezainbeste indar Gobernua presionatzeko eta horregatik Gobernuak enpresarioen elkarteen presioei amore ematea nahiago izan du, langile hauen errealitateari merezi duen erantzuna ematea baino”, salatu dute Uriak eta Gezuragak.
EAko bozeramaileen esanetan, “Gobernuak axolagabekeriaz tratatzen ditu etxeko langileak eta eskaintzen dien gizarte-babesa industrializazio garaikoa da, baina ez XXI. mendekoa”. Hau dela eta, Eusko Alkartasunak sektore honetan egungo lan-harremanak aldatzeko eskatzen du eta Euskadik behar duen lan-harremanetarako marko propioa onar dadila exijitzen du berriz ere, “lan-baldintzak eta gizarte-babesa gure errealitatearen arabera arautu eta antolatu ahal izateko”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna