Lizarra-Garaziko
Aldarrikapena izenpetu zeneko hirugarren urteurrenean, Eusko Alkartasunako
Euskadiko Batzorde Eragileak honako gogoeta helarazi nahi dio gure herriari:

           
1. – Lizarra-Garaziko Aldarrikapenak ahalegin handia eskatu zuen
eta oso urrats garrantzitsua izan zen gure herriak hain beharrezkoa zuen,
eta oraindik ere duen, bakea eta normalkuntza politikoa bilatzeko bidean.
Izenpetu genuen agiriko aldarrikapenean, gatazka konpontzeko azaldu genuen
metodoaren oinarriak honakoak ziren: giza eskubideak defendatzea eta errespetatzea,
eta elkarrizketaren eta euskal gizartearen gehiengoaren erabakia errespetatzea.

           
Zoritxarrez, saio hura zapuztu egin zen, alde batetik eta batez ere,
ETAk bizitzeko eskubidea berriz ere urratzeko erabakia hartu zuelako. Bestalde,
Aznarren gobernuak zegokion erantzukizun politikoa hartu ez zuelako.
           
2. – Iluntasunetik argitara irtengo ginelakoan geundenean, aldarrikapenak
Euskal gizartean sortu zituen ilusioa eta itxaropena zeharo zapuztu ziren.
Hala eta guztiz ere, Herri honi azken hamarkadetako su-etenik luzeena ekarri
zion prozesu honetan, euskal herritarrok argi eta garbi ikusi genuen gure
Herriaren gatazka politikoak konponbidea baduela eta hori lortzeko alderdi
politikook borondate onez, ausardia politikoz eta erantzukizunik handienaz
jokatu behar dugula.
           
Eusko Alkartasunak beti adierazi izan du konponbiderako oinarriak
honakoak direla: giza eskubideen defentsa eta errespetua, elkarrizketa arazoak
konpontzeko tresna bezala, eta herritarrek askatasunez eta demokratikoki
adierazten dutenarekiko errespetua. Horixe adierazi dugu etengabe, gure
jardun politikoan horri eutsi diogu beti eta, horrela beraz, hirugarren
urteurren hau oso une egokia da gure ustez interes partidistak alde batera
utzi eta gure herriaren beharrik handiena konpontzeko bidean erantzukizun
politikoari heltzeko: Euskal Herriaren baketzea eta normalkuntza.
           
3. – Joan zen Maiatzaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek,
berriz ere, zalantzarik gabe erantzun zuten bakearen, elkarrizketaren eta
erantzukizun politikoaren aldeko apustua egiterakoan, eta Herri honen borondatearekiko
errespetua aldarrikatzean, Eusko Alkartasunak orain hamabost urte baino
lehenago jaio zenetik defendatu dituen argudioen ildoan. Horrela beraz,
berriz ere argi geratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko (maiatzaren 13ko
hauteskundeen eremua) herritarren gehiengoaren nahia eta lehentasunezko
eskaera. Eta, ondorioz, berriz ere ezarrita geratu zen alderdi politiko
guztiek eta gizarte osoak, denbora alferrik galdu gabe, jorratu behar dugun
bidea zein den.
           
4. – Hala eta guztiz ere, egungo egoera politikoa ez dator bat euskal
gizarteak hauteskundeetan adierazi duen nahi eta agindu demokratikoekin.

           
Batasuna alderdia, lehen Euskal Herritarrok zena alegia, Lizarra-Garaziko
Aldarrikapena baino lehenagoko garaietara itzuli da, eta alderdi horretako
arduradunek euren lan politiko legitimoa ETAren erabakien edo jardunaren
arabera gauzatu beharrean, euskal herritarren eskaeren arabera gauzatzeko
gai ez direla erakutsi dute.
           
Bestalde, Aldarrikapena izenpetu ez zuten alderdiek, PP eta PSOEk,
izugarrizko ahalegina egin zuten aldarrikapena zapuzteko, sistematikoki
gaitzetsiz eta baztertuz, eta oraindik ere ahalegin horretan dihardute.
Azken hauteskunde-emaitzen aurrean azaldu duten jarrerak begien bistan utzi
ditu euren setakeria, zurruntasuna eta, ordezkari politikoak direla kontuan
hartuz are okerragoa eta kezkagarriagoa dena; gizartearen eskaeraren aurrean
entzungor egitea, eta hauteskundeetan adierazitako emaitza demokratikoekiko
errespeturik eza.
           
5. -  Horregatik, Lizarra-Garaziko Aldarrikapena sinatu zeneko
hirugarren urteurrenean, Eusko Alkartasunatik dei bat egiten diegu euskal
gizarteko indar politiko guztiei, lan-ildo bat ezartzeko. Ildo horretan,
alderdi politiko bakoitzak, bere sinesmen eta oinarri ideologikoetan oinarrituz,
bere proposamenak aurkez ditzan eta elkarrizketa dialektikoaren ondorioz
sintesi demokratiko bat lor dezagun. Sintesi demokratiko honi euskal gizarteak
eman beharko dio onespena eta herriak erabakitzen duena errespetatu egin
beharko da.
Deialdi
hau sindikatu eta gizarte-eragileei ere egiten diegu, bakoitzak bere eremuan,
adostasun politikorako konpromisoa hartu eta sintesi demokratiko berri hau
lortzeko eztabaida eta osaera prozesua bideratzeko baldintzak sor ditzan.

Lizarra-Garaziko
Aldarrikapenak proposatzen zuen metodologiak balio du oraindik, eta gizarteak
berriz ere onartu du gainera. ETA izan zen Lizarra-Garaziko espiritua eta
hitzak zapuztu zituena. ETA da, halaber, indarrean dauden printzipio horiek
onartu beharko dituena eta, ondorioz, desagertu, prozesu honetan lekuz kanpo
baitaude inolako ordezkapen demokratikorik ez duten erakundeak. PP, PSOE,
UDF, RPR, PSF eta gainerako alderdi estatalista espainiar edo frantsesek,
erantzukizun eta jarrera demokratiko handiagoa azaldu beharko dute euskal
gizarteak hauteskundeetan demokratikoki erabakitzen duena onartzeko eta
betetzeko: Euskal Herria baketzea eta normalkuntza politikoa elkarrizketaren
bidez eta erantzukizunez lortzea, politika eginez, alegia.

Euskal
Herrian, 2001eko irailaren 12an.

Jatorria: Eusko Alkartasuna