Begoña Errazti I. IKUSPEGI HISTORIKOA

1.1. 25 urte: 1979-2004

a) 1979tik 1996ra

Diktaduratik ´demokrazia´ra pasatzerakoan, zuhurtasuna eta pragmatismoa izan ziren aldaketa guztien oinarri. Fase berriaren ahultasuna somatzen zen, erakundeen inertziak, ejerzitoaren botereak… atzerapausoaren arriskua agerian uzten zuten (horren adibide argia 1981ean eman zen ´Estatu kolpe´ saiakera), beraz, eta sistema berria sustraitu zedin, 40 urte luzetan ezarritako errejimenaren printzipioekin erabateko haustura ez zen egon.

Espainiar Konstituzioaren negoziaketan, eskubide indibidualak oraindik kinka larrian zeuden. Ondorioz, Hego Euskal Herria eta herri eskubideak bigarren eremu batera pasa ziren, baina ateak irekiak utzi ziren etorkizunean zegokien garapena eman zedin, une horretan, oinarrizko eskubide indibidualak finkatzearen garrantziaz arduratua.

Testu horrek eskubide historikoen aipamena berreskuratzen du, euren berregokitzea akordio bidez egin behar dela zehaztuz. Eskubide historiko horiek amankomunak dira Nafarroa zein Erkidegoarentzat, eta hala geratu zen aipatuta Konstituzioan.

Nahiz eta saiatu, hasiera batean PSEren adostasunarekin, azkenean Nafarroa eta Erkidegoaren artean ezinezko egin zen Estatutu bakar bat osatzea. Iparraldeari dagokionez, beste Estatu batean (frantsesa, alegia) egonik, esparru ´arrotz´ gisa geratzen zen espainiarren begietan.

Gaur egun ere Frantziar estatuko ´zati´ gisa dago kontsideratua juridikoki eta nazio aldarrikapenak oso urrutiko geratzen dira, Departamenduaren ezagutza ere ematen ez duen Frantziar estatuaren aurrean.

Euskal Erkidegoan Gernikako Estatutua onartu zen, hainbat eta hainbat arlotan (ekonomia, euskara, enplegua, industria eta abar oso maila baxu eta kezkagarrian zegoen lurraldea martxan jarri ahal izateko tresna politiko beharrezkoa. Estatutu honek Erkidegoaren jendetzaren gehiengo zabalaren babesa izan zuen. Nafarroan aldiz ´Amejoramendua´ negoziatu zen, baina jatorrizko eskubideen berreskuratze zuzena zela aitzaki, ez zen eta ez da inoiz bozkatua izan.

Urte haietatik hona, Erkidegoko egoerak hobera egin du orokorrean kultura, ekonomia, hizkuntza eta azpiegiturei dagokienez. Hala ere, Estatutuak, une haietan gure herriaren garapen ez baino bizi-iraupena bermatuko zuen tresnatzat ulertu eta honela defendatua izanik ere, ez zuen herri honen desio eta azken helburua betetzen, eta hori argi geratu da mende laurden baino gehiago pasa denean.

Eman duena baino ahalmen askoz handiagoa zuen testu hau ez da bete Espainiar estatuaren aldetik, eta alderantziz, bere gaitasunak mugatuz joan dira, xede horretarako bide ezberdinak erabiliaz: oinarrizko legeen onarpena (LOAPA, adibidez), Auzitegi Konstituzionalaren sententziak, Europako legediaren interpretazio eta egikaritzean eskuduntzak Estatuaren alde berreskuratu dira eta abar.

´Maniobra´ guzti horiek, gainera, frankismoaren garaian abertzaleekin batera ´autodeterminazioaren´ aldeko pankartarekin lurraldetasuna defendatzen zuen Alderdi Sozialista gobernuan zegoela eman ziren, 1982tik 1996ra bitartean. Baina lehenago eta ondoren ere, beste zeinuetako alderdiek bide beretik egin dute.

Nafarroaren kasuan, esperimentu txiki batzuez gain, indar eskuindar eta zentralisten gailentzearekin herri ikuspegi berezituaren perfilak atzerapauso itzela jasan zuen, eta egun ere egoerak horretan dirau. Hasiera batean antolakuntza bakarra zuen PSE bitan banatu eta PSN jaio zen, Erkidegoaren eta Nafarroaren esparru ezberdinak azpimarratuz. Eskuina, aldiz, UPN-PPren akordioaren bitartez batu egin zen eta sozialistekin batera, Nafarroaren izaera ´berezia´ren argudioarekin, gainontzeko euskaldunekiko bereizketa bultzatu izan dute urte guzti hauetan.

b) 1996tik 2004ra

1996an Alderdi Popularrak Espainiako Gobernua hartu zuen, Aznar jauna buru. Lehen legealdian, gehiengo absoluturik gabe, elkarrizketa eta negoziazioa erabili behar izan zituen legeak eta bere politikak aurrera ateratzeko. Bigarren legealdian, aldiz, 2000ko hauteskundeen ostean, gehiengo absolutua lortu zuten eta euskal abertzaleentzat eta sistema demokratikoarentzat hor hasi zen azken mende laurden honetako garairik beltzenetakoa. Indarkeriari aurre egiteko argudioarekin, eskubide eta askatasun indibidualetan atzerakada izugarria eman zen legealdi horretan.

Euskal Herriari dagokionez, gatazkaren existentziaren adierazle guztiek bere horretan jarraitu bazuten ere, garai horretan muturreko jarrerak areagotu ziren. Frentismoa eta bloke mugiezinen politika sustatu ziren, elkarrizketaren balioa hutsaren hurrengo bihurtuz.

Eskuin ultrakontserbadorearen benetako aurpegia azaldu zen, eta inongo konplexurik gabe diktadura garaiko antzeko neurriak ezartzeari ekin zion PPko Gobernuak, Estatuaren maila demokratikoa gero eta gehiago murriztuz. Amnistia Internazionalak berak salatzen duen inkomunikazio epearen luzatzea; zigorrak gogortzeko kode penala aldatzea; bergizarteratze irizpideak jarraitu beharrean mendekuan oinarritutako neurriak eta aldaketak sartu ziren.

Adierazpen askatasuna ere murriztu zen, komunikabide batzuen aurkako eraso zuzenak eraginez (Egin-en itxiera, Egunkaria-ren itxiera). Atzerapauso guzti hauek bat egin zuten nazioarte mailan irailaren 11n dorre bikien atentatua dela eta eragindako politikarekin, gerra prebentiboen alde (Irak), indarkeriaren aitzakiarekin oinarrizko eskubide eta askatasunen aurka hartutako hainbat neurriekin (gure herriari dagokionez, Alderdien Legea, batez ere) eta abar.

Ekintza guzti hauek sistemaren osasun demokratikoa ahuldu dute. Baina jarrera honek beste ondorio larri bat ere izan zuen politika munduan: elkarrizketa, elkar ulertzeko bide guztiak apurtzen hasi ziren. Bestearen ideiekiko errespetu faltaz gain, iraina izan zen garai horretako eguneroko jarrera batzuen aldetik, eta komunikabideen kontrol zurrunaz baliaturik, abertzaletasun eta bortxakeriaren arteko nahasketa egin zen, abertzale izatea eta bortxakeria defendatzea bailitzan.

Giro honek sorrarazi izan duen alderdien arteko inkomunikazioa oso kaltegarria izan da, eta iraun dezake, denbora luze emanen baitigu elkarren arteko konfiantza sareak berreskuratzea. Blokeo estrategia horretatik, gauzak txuri-beltz aurkezteko jarrera horretatik, ñabarduren jarrerara itzuli behar dugu, aniztasunaren aberastasuna onartu arte. Hau baita demokrazia beraren oinarrizko balioetako bat.

2004ko martxoan, Madrilen eraso bortitza gertatu zen eta hiru egun beranduago, Alderdi Popularrak gobernua galdu zuen. Ordutik aurrera Rodriguez Zapatero jaunak hartu zuen Gobernu espainolaren erantzukizuna. Gobernu buru berriak beste aldarte bat erakutsi izan du, baina egia da ere gure herriarekiko PPk ezarritako politikak mantendu dituela funtsean.

Bitartean ETAk bere bortxaketa estrategiarekin jarraitu izan du, eta honek gizartean eragin duen liskarraz eta minaz gain, ondorio politiko garrantzitsua izan du. Estatuko indarrei gure nazio eskubideen aurkako estrategian tresna guztiak erabil dezaten aitzakia eman die.

1.2. Gaur egun

Azken bi urtetan Espainiako gobernuan formetan aldaketa eman da. Bestalde, ETAk ez du inor hil bi urtetan. Bi pauso hauek behin betiko ez badira ere oraingoz, oso bestelako egoera markatzen dute.

Baina Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako orain hitzetatik ekintzetara pasatzea falta da. Gure ustez oso une garrantzitsu batean gaude. Gizartearen nahia inoiz baino argiagoa da konponbide elkarrizketatu baten alde, giza eskubideak errespetatuz, gure herrian hainbeste urtetan konpontzeke dagoen auziari amaiera emateko.

Asko izan dira gure herrian konponbide bat lortu nahian egindako saiakerak, baina oraingoan, aukera paregabea daukago. Bakegintza lantzeko sortu diren edo sor daitezkeen foro eta eztabaida guneez gain, badugu momentuz legebiltzarraren gehiengoaren babesa jaso zuen proposamena, iragan abenduan onartutakoa.

Eta proposamen honek duela 25 urte konpontzeke geratu ziren gure herriaren bi gakori heltzen die: lurraldetasunari eta herri bezala erabakitzeko dugun eskubideari. Hauek dira gatazkaren klabeak, honi eutsiz eta euskal gizartearen gehiengoak errespetatuz gero, gatazka konponduko litzateke.

Gure herritik kanpo, baina Europan bertan, IRAk armak uzteko hartutako erabakiak garrantzi handia izan du baita ere. Gure herrian Irlandaren kasua beti eredu izan da, eta momentu honetan IRAk bide politikoak huts hutsean erabiliko dituela adierazi du.

Gauzak horrela, oraindik gogor ekin behar diogu gure herrian bai bakegintza bai normalizazio politikoa lortzeko. Gatazkak jatorri politikoa du, eta hau onartzen ez baldin bada orain, urte askotarako atzeratuko dugu konponbidea. Oinarria gure herriaren erabakitze eskubidea da. Downing Street testuak adierazten duen bezala, Irlandaren kasuan ere hala izan da.

Gure egoera politikoa ezberdina bada ere, agente politikoak eta abar, funtsean eskubide hori onartzea ezinbestekoa da, gatazkaren muina politikoa baita. Hortik aurrera, prozedura eta metodologia finkatzen joan behar dugu.

IRAk emandako urratsak eta ´islamiar terrorismoak´ gizartean sortu dituen kontsiderazio berriek, asko zailtzen diote ETAri indarkeria estrategiarekin jarraitzea. Gaur egun ETA baita Europako talde biolento bakarra.

II. BAKEGINTZA ETA NORMALIZAZIO POLITIKOA

Bakegintza eta normalizazio politikoa lotuta badaude ere, beti ezberdintzen ditugu, gatazka ez baita konponduko normalizazioa lortzen ez badugu. Bortxakeria inondik inora onartezina den metodoa izanik, konponbidea, erro politikoa duen gatazka konpontzearen ondorioz etorriko da soilik, bestela ez gara egoera normalizatu batean egongo. Ez bakarrik bortxa adierazpenak birsortzeko aitzakia gisa erabil daitekeelako gatazka, baizik eta gehiengoaren nahia errespetatzen ez delako.

Herri honetako bortxa adierazpenak alde askotarikoak izanik, giza eskubide guztien errespetua gure ekintza politikoaren irizpide dugunontzat, justifikaezinak dira guztiak.

Baina, benetan, berriro itxiera faltsurik nahi ez badugu, eta amaitu gabeko trantsizio horri bukaera demokratikoa eman nahi baldin badiogu, erro politikora jo beharko dugu.

Herri normalizatu bat izan behar dugu. Eta horretarako elkarrizketa eta ideia guztien errespetua da bidea, ahalik eta adostasun handienarekin aurrerapausoak emateko. Bazterketarik gabe, talde politiko guztiek gure proposamenak askatasunez, presiorik gabe, azal eta defenda ditzagun, eta politikaz kanpoko inolako presiorik eta mehatxurik gabe. Hala bakarrik hel gaitezke benetazko akordio politiko batera.

Ariketa horretarako, bakoitza bere azken egitasmoraino joan ezin daitekeela onartu behar dugu, guztien artean konponbide bat topatu behar dugula, noski, euskal gizartearen errealitatea kontuan hartuz, eta gehiengoaren nahia eta erabakia onartuz.

Horrek ez du esan nahi norberaren azken helburuak zokoratuak geratuko direnik. Akordioa eta aurrerapausoaren mesedetan egin beharreko bidearen atal bat besterik ez da, oinarrizko printzipioak finkatzea lehenik, horren arabera egoera normalizatuan norberak bere egitasmoa defenda dezan, baina demokrazia, politika eta parte hartze baketsuaren ildotik, beti ere kontuan harturik gizartearen borondateak finkatu behar duela norabidea.

Garrantzitsuena akordio bat lortzeko asmo argia izatea da, eta 1979an zintzilik geratu ziren bi zutabe garrantzitsuren inguruan oinarrizko adostasuna erdiestea. Kontutan izan behar da, diktadura ostean, eskubide indibidual lortu berriak galtzeko arriskua zela eta, herri eskubideen bizkar, behar horri lehentasuna eman zitzaiola. Jada, ia 30 urte geroago, iritsi da garaia eskubide hauek ere erabat aldarrikatzeko.

Egungo egoera, ongizate maila batez ere, ez litzateke hain positiboa izanen orduko larritasunei aurre egiteko lortu ziren autogobernu tresnak gabe, eta bereziki Gernikako Estatuturik gabe. Kontzertua eta Nafarroan Konbenio Ekonomikoa tresna oso baliogarriak izan dira, baina gogoratu behar dugu 25 urte eta gero Gernikako Estatutuaren 48 eskuduntza eman gabe daudela.

Egungo marko juridiko honi eusten dioten horiek Espainiako Gobernuan izan diren bitartean ez dute Estatutua bete, eta aldiz, bere momentuan zuhurtasunez jokatu genuenean, haren aurka erabiltzen dute orduan adostutakoa. Espainiako estatuan aldatu da egoera, eta heldu da garaia zintzilik geratu ziren gako horiei irtenbidea emateko eta herri honen auzi politikoari erantzun demokratikoa emateko.

iii. ONDORIOA: ELKARRIZKETA ETA AKORDIOA

Iragan legealdi amaieran Gasteizko Legebiltzarrean proposamen bat aurkeztu zen, eta gehiengo absolutuaren babesa jaso zuen. Proposamen hura Euskal Erkidegoan mamitua izan bada ere, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeei ere luzatzen zaie, nafarrek eta Iparraldeko gizarteak hala erabakiz gero, bertan parte hartzeko.

Proposamenak bide luzea egin zuen Gasteizko Legebiltzarrera iritsi arte. Gizarte osora zabaldu zen iradokizun eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Gero ponentzian jorratua izan zen, eta azkenik, Legebiltzarraren prozeduren bitartez osoko bilkuran onartu zen.

Zoritxarrez, PSOEk eta PPk ez zuten agertu akordiorik bilatzeko asmorik, eta larriago dena, eztabaida bera ere ukatu nahi izan zuten, epaitegiek ere elkarrizketa ematearen alde ebatzi behar izan zutelarik, eta ukatze hori demokrazian eta legebiltzar batean ulertezina dela adierazi.

Proposamenak aurrera egin zuen eta Madrilgo Kongresuan, bertako bozka kopuruak kontuan izanda, atzera bota zuten, inongo akordio borondaterik agertu gabe. ERC, CiU, BNG eta NA-BAI izan ziren jarrera ohotetsua agertu zuten bakarrak.

Proposamen horrek jasotzen dituen edukiek -hori Eusko Alkartasunaren azken helmuga ez bada ere (independentzia defendatzen baitugu)- gatazkaren oinarriak planteatzen dituzte eta elkarrizketarako parada eman. Baina PP eta PSOEk ez zuten bideratu ere nahi izan.

Politikan, batzuk dira helburu estrategikoak eta besteak posibleak momentu jakin batean. Baina ezin gara nahastu, egitasmo taktikoak direla eta gure helburu nagusienetako batzuri uko eginez. Ezin da taktikoki hartutako erabaki bat azken jomuga bailitzan hartu. Mota guztietako argudioak erabiltzen dira gure eskubide nazionalak ukatzeko, burujabetza gaur egun xede anakronikoa dela esanez eta Europako Batasuna eredutzat hartuz. Ez da estatu bat ere Europan izateari uko egin diona. Alderantziz, estatu gehiago sortu izan dira azken urteetan, eta momentuz, Europako Batasunaren eredua bera estatuen boterearen alde sortu izan da, ez baitu herrien nortasuna aitortzen, ezta ukatzen ere. Soilik estatuak hartzen ditu kontuan.

Eta bide guztiak jorratu behar direla uste dugunez, Eztabaidagunean ere parte hartu izan dugu nola Elkarrik antolaturiko mahai eta ekintzetan, eta batean eta bestean gure alderdiaren ekarpenak egin ditugu.

Bi atal bereiztu ditugu. Lehena bakegintzarena da, non Estatuak eta ETAk pausu garrantzitsuena eman behar duten, batak indarkeria erabat alde batera utziz, eta besteak, prozesua erraztuz eta presoen egoera zuzenduz. Bigarrena normalizazio politikoa da, eta alor honetan herri honen nahiari erantzun politikoa eta demokratikoa eman beharko zaio.

Bigarren honetarako alderdien arteko adostasuna bilatu behar dugu eratu beharreko mahai horretan. Eztabaida serio eta sakon baterako gunea topatu behar dugu, gatazkaren onarrizko klabeak aztertu eta horien inguruan akordio batera heltzeko. Euskal gizarteak bere erabakitze eskubidea gauzatzea da helburua, Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzea dagokiola kontuan hartuz.

Eta gizartearen erabaki hau ordezkari politikoek errespetatu beharreko hitza izan beharko da. Hauek dira Eusko Alkartasunak beti defendatu izan dituen planteamenduak, eta ildo horretatik jarraituko dugu gure ekimen eta ahalegin politikoetan. Herri honek, gizarteak, konponbidea nahi eta merezi du.
Jatorria: Begoña Errazti