Martin Aranburu Hirurogeita hamarreko hamarkada bukaeran bi trantsizio adibide esanguratsu egon ziren Europa mendebaldean: Portugal eta Espainia. Bi erregimen diktatorialen aldaketak, ordea, ondorio desberdinak utzi zituen Portugalen eta Espainian; lehenengoan, zuzenbide estatu baten oinarri sendoak ezarri zituen, eta Espainian, berriz, lortzeke utzi zuen edozein estaturen sendotasunerako abiapuntu garrantzitsuenetarikoa: herri kontzientziaren oinarria izango zen estatuaren artikulazioa. Espainiak, Portugalek ez bezala, espainiar nazio identitatea konpartitzen ez zuten milioika biztanleei egin behar zien aurre. Erronka hori gainditzeko formula politikoa negoziazioa izan zen, Espainia eta nazio identitate kolektibo indartsua zuten herrien artekoa, nagusiki Katalunia eta Euskal Herria.

Trantsizio egoera horretan, militarren indar politikoa eragile nabarmena zen garaian alegia, euskal ordezkariek herri honen hurrengo urteak zeharo markatu dituen erabaki politikoa hartu behar izan zuten: euskaldunen garapenerako ezinbestekoa zen autogobernu maila bat lortu herri legez geneuzkan hainbat eskubideri momentu hartan uko egitearen truke. Errazegia da guretzat gaur egun erabaki haren zuzentasuna baloratzea; agian aitortu beharra dago, gustatu ala ez, garai hartan lortu zitekeen akordio politiko onena izan zela, ezin baita ahaztu, antzeko prozesuan zebiltzan gainontzeko nazioek negoziazio haren ondorioa izan zen Gernikako Estatutua izan dutela aurrerantzean helburu politiko.

Orduan lorturiko Gernikako Estatua onuragarria izan da dudarik gabe Arabarentzat, Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat, besteak beste hiru probintzietako biztanleen ongi-izaterako, euskalduntzerako, baita euskal nortasunaren indartzerako ere. Halere, Estatutuaren onurak ez gaitu premiazko beste aldagai batetik aldendu behar, hots, herri legez dugun duintasunetik. Duintasuna, akordio hura bi herrien artekoa zela gogorarazteko; duintasuna, adostutakoa eta itaundutakoa erabat bete dadin aldarrikatzeko; eta duintasuna, akordio hura hautsiko balitz ekimen politikoen bidez gure bideari ekiteko.

Ostiralean Eusko Legebiltzarrak onartutakoa herri legez dugun duintasunaren isla baino ez da izan. Estatutua adostu zenetik hogeita hiru urte igaro eta gero, Espainiako ordezkari politiko denek muzin egin diote bi herrien arteko itunari: ordezkari sozialistek ez zuten bete Espainiako gobernuaren ardura izan zuten bitartean, horietariko urte anitzetan gehiengo absolutua izan bazuten ere; popularrek, aldiz, behin eta berriz esan diote erkidegoko gizarteari estatutuaren eskuduntzen transferentzi prozesua amaituta dagoela. Espainiarren partetik itunean jasotako autogobernurako eskuduntzak erkidegoko erakundeen esku uzteko intentzio politikorik ez bada, agerian geratzen da gaur egungo ordezkari politiko espainiarrek ez dutela Gernikako Estatutua ontzat jotzen, gehiegizkoa iruditzen baitzaie bertan Euskal Autonomia Erkidegoarentzat adostutako autogobernu maila.

Alde bateko erabaki horrek gure herriaren erantzuna izan du legebiltzarrean. Bertako gehiengoak bi hilabeteko epea ematen die Espainiako arduradun politikoei Estatutuaren betetzea konprometituko duen egutegia aurkezteko, argitua izan dadin hogeita hamazazpi eskuduntzak noiz jasoko dituzten euskal erakundeek. Urratsik izan ezean, uko egin behar ote dio herri honek bere garapenari, Espainiak hala erabakitzen duelako? Argi dago ezetz, herri legez ez baitaukagu gure etorkizuna gureak ez diren beste inoren eskuetan uzterik. Eusko Legebiltzarrak hiru probintzietako euskaldunen ongi-izatea du helburu nagusi, eta, eguneroko bizitzaren arazoei erantzuteaz gain, hiritarrek ditugun bestelako helburuen lorpenerako urratsak eman behar ditu: askatasuna, berdintasuna eta identitate nazionala, besteak beste.

Eta hemendik aurrera zer? Zalantzarik gabe, hurrengo hilabeteetan Espainia eta Euskal Herriaren arteko gatazka politikoaren espresio gorena biziko dugu. Politikoki, giza eskubide ororen errespetutik abiatuta, eta herri honek behar duen normalizazio demokratikoaren aldeko elkarrizketa abiarazi bitartean, ez diogu uko egiten herri honen gehiengoak adierazi duen autogobernu maila lortzeari. Euskal erakundeek askatasunera eramango gaituen prozesu politikoaren abiapuntua izan behar dute, gatazka eta borroka hiritarren zilegitasuna duten erakundeen artekoa izango delarik; ez, ordea, erakunde armatuen artekoa. Gure eskubideak ez dira Espainia eta Frantziaren kontsezioa, eta argi izan behar dugu gure askatasunaren aldeko borrokaren momentu erabakigarria heltzear dagoela: behin eta berriz aldarrikatu dugun konfrontazio politiko eta demokratikoa. Denok, bakoitza dagokigun lekutik, jarri beharko dugu gure eskua ondokoarekin bat eginik askatasun bidean aurrera egin dezagun. Espainia beldur da Euskal Herria «badoalako». Konfirmatu ditzagun
beldur horiek.
Jatorria: Martin Aranburu