Irailaren 20an ospatuko dugu Alkartasun Eguna Pasai Donibanen, PP eta VOXen mehatxu ultrak markatuta
Alkartasun Eguna, alderdiaren festa, ospatuko dugu datorren igandean, irailaren 20an, Pasai Donibanen. Aurtengo ediziorako aukeratutako leloa BOGA! da, erronka lokal eta global handiei aurre egiteko, Euskal Herria herri bezala norabide berean taldean arraun eginez aritu behar dela adierazteko metafora. Gainera, alderdiaren 40. urteurrena betetzen dugu aurten.
Egutegia hartuta, Eba Blanco de Angulo gure idazkari nagusiak ultraeskuina boterera iristearen arriskuaz ohartarazi du berriz ere. “Norbaitek uste badu AfDk Alemaniako estatu federatu batean irabazteak ez digula eragiten, ez da jabetzen zer gerta dakigukeen. Espainia gobernatzea nazioarteko ultraeskuindarraren helburuetako bat da. Gure eskubide indibidual eta kolektiboak serio mehatxatuta daude. Hain zuzen ere duela urtebete, estatus berriaren negoziazioaren epeak aurreratzeko eskatu genion Pradales lehendakariari, ahalik eta azkarren gutxieneko akordio bat lortzeko helburuarekin. Ultraeskuina gure gainean izanda, desiragarria litzateke estatus politiko berriari buruzko akordio hori berandu baino lehenago ixtea”.
Blancok ez du saihestu gaurkotasun konplexuaren alde polemikoenetako bat. “Jakina migrazioaren kudeaketarena bezalako gai batzuek kezkatzen gaituztela, ez baitira ondo kudeatzen ari, baina ikuspegi osoa ezinbestekoa da. Inork zalantzan jartzen al du Feijóo Espainiako presidente izanda, Abascal atzean, ez garela askoz okerrago biziko hemen?”. Buruzagi abertzalearen arabera, euskal gizarteak, PP eta VOXen balioetan kontrajarrita, ultren ofentsibaren aurrean osasun kordoia sendotu behar du funtsezko bi tresnaren bidez. “Gure eskubide historikoen aldarrikapenaren presio soziala areagotzea lehenbailehen estatu burujabea izatea lortzeko, eta hamarkadak atzera egin eta eskubideak galdu nahi ez ditugun pertsona aurrerakoi guztion militantzia antifaxista. Ukazioa, mespretxua, errepresioa eta zigorra jasan ditugu. Soberan dakigu zer egiten duen ultraeskuinak hegoaldean boterea eskuratzen duenean”, gehitu du.
Albaola Itsas Kultur Faktoriara egingo dugun bisita kulturalarekin hasiko da Alkartasun Egunaren jai eguna. Eguerdian aldiz, Pasai Donibaneko Santiago plazara pasako da egitaraua. Aurtengo ekitaldiaren ekitaldi nagusia Oarsoaldea eskualdearen egoera ezagutzeko mahai-ingurua izango da. Ander Goikoetxea Arana EH Bilduko Gasteizko ganberako legebiltzarkidea, Idurre Bideguren Gabantxo EH Bilduko senataria, eta haritz Perez Martinez EH Bilduko Gipuzkoako batzarkidea Pasaiako portuaz, eskumenez, eskualdeko industrialdeez eta arrantzaz arituko dira solasean. Mahaingurua amaitzean, joan den ikasturte politikoan hildako Oarsoaldeko militanteak omenduko ditugu alderditik. Nola ez, maiatzaren 4an zendutako Carlos Garaikoetxea Urriza lehendakaria gogoan izango dugu egun osoan. Egunak aurrera egingo du plazan bertan egingo den bazkariarekin eta Gazte Abertzaleaken eta nazioarteko ordezkaritza politikoen hitzaldiekin osatutako bazkalondoarekin. 2026ko Alkartasun Eguna Andoni Ollokiegiren zuzeneko musikarekin amaituko da.





