Mikel Irujo Amezaga, abokatu eta ea-ko kidea Europako Konstituzioa ez da konstituzio bat. Datorren otsailaren 20an nazioarteko itun bati baietza edo ezetza emango diogu. Azken batean gure botoa ez dugu europarrak bezala emango, Estatu espainoleko hiritarrak bezala baizik, eta hemen dago gure lehenengo kezka. Benetako konstituzio bat herriak landu eta onartu behar du, hau da, Europako herriak. Egia da oraingo honetan Konbentzio bat sortu zela, oso irekia, eta edozein hiritarrek bidali al izan zituen bere proposamenak, iritziak etab. Baina Konbentzioak onartu zuen testua, Estatuek berretsi behar izan zuten, balio juridikoa izateko. Hau da, «forman» gauzak hobetu dira baina «funtsean» gauzak berdin jarraitzen dute, Estatuak soilik dira Europako Batasun honetan erabakitzen dutenak. Askok pentsatuko dute Konbentzioarena aurrerapauso bat izan dela, eta nire ustez arrazoia daukate, baina «Konstituzio» bati askoz ere ausartagoa izatea eskatu behar zaio.

Era berean gezur asko (gehiegi) entzun ditugu. PPk edo PSOEk askotan aipatu dute autodeterminazioa galarazita dagoela Konstituzioan. Honek ez du herrien eskubide hori arautzen, baina ez du galarazten, eta zuzenbidean galarazita ez dagoena onartuta dago. Euskal Herriak, Eskoziak edo beste nazio batek independentzia lortuko balu, EBk ez zuen galaraziko, gutxienez juridikoki. Estatuen borondaterik eza da arazoa, ez Europako Konstituzioa.«Europako Batasunak bere kultura eta hizkuntza aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du, eta Europaren kultura ondarea zaintzeko era garatzeko ardura izango du», aipatzen du Konstituzioak, baina gero estatuen hizkuntza ofizialak soilik ezartzen ditu ofizialak bezala. Baina, esan beharra dago, Konstituzioak malgutasun handia uzten du puntu honetan baita ere, eta Estatuek erabakitzen dute zer hizkuntza izan ahal den ofiziala. Euskara ofiziala ez bada, Parisetik edo Madriletik borondaterik ez dagoelako da. Hau da, aniztasunaren definizioa Estatuek ezartzen dute. Denok dakigu Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak ezin dutela EBko legegintza prozesuan parte hartu. Eskualdeen edo naziorik gabeko estatuen ordezkaritza zuzena ez dago araututa, baina, lehenengo kasuan bezala, galarazita ere ez dago. Gure gobernuek, gaur egun, zuzenean Bruselan ordezkatuak ez badaude, Madriletik borondaterik ez dagoelako da. Eskozia, Saxonia, Baviera, Flandria etab gradu batean edo bestean zuzenean ordezkatuak daude, baina gu ez. Dena den, Europako Batasunaren malgutasuna hemen ez da hain handia. Estatua ez denak nortasun juridikorik ez dauka, hau da, berriz ere errepikatu beharra daukat, Estatua ez bazara ez zara inor. Konstituzioak hau berdin-berdin mantentzen du.Gizarte arloan Konstituzioari kritika berbera egin behar zaio. Gizarte politikako hainbat puntutan (prestakuntzak, kalte ordainak…) Estatuen beto eskubidea mantentzen da. Langileei Europa mailan oinarrizko babesa emateko 25 estatuen baietza behar da, hau da, ia ezinezkoa. Europako Batasunean pobrezia mugan dauden 50 milioi biztanleen aldeko politikak onartzeko denen «baimena» behar da. Barne merkatua arautzeko, berriz, beto eskubide hori orain dela asko desagertu zen. Horrez gain, gai gehiegi uzten ditu ukitu gabe, multinazionalen deskolokazioak, oinarrizko errenta… Bestalde, Konstituzioa ez da liberalismoan harago joaten, azkeneko egunotan esaten hari den bezala, baina argi dago momentuz Europako Batasuna, oinarriz, ekonomikoa dela soilik.Herrien Europa da gure helburua, eta ez bakarrik Eusko Alkartasunarena, baizik eta Europako Aliantza Librearena ere (ALE), Europan estaturik gabeko nazio guztiak ordezkatzen duen alderdi bakarra. ALEk Konbentzioan Neil McCormick eskoziarra izan zuen ordezkari bezala, eta hantxe aurkezturiko zuzenketak Europako Alderdi Popularrak eta Sozialistak bota zituzten atzera. Ezin digute orain eskatu gure baietza. EAk ezetza eskatu behar du erreferendumean. Hainbat kasutan aurrerapauso bat da Konstituzioa, baina orain dela urte gehiegi saltzen ari zaizkigu istorio berdina. Argi daukat, kritika guztien gainetik, EB kontinente honetan inoiz praktikara eraman den ideiarik baikorrena dela. Bi mundu gerra ondoren bakea erakarri du eta orokorrean ongizatea lortu du. Baina politikoki ez du lortu Jean Monnet-en ametsa, «Herriak batu nahi ditugu, ez Estatuak». Herrien Europa oso urrun dago, eta Konstituzio honek ez du Estatuetan oinarritutako eredua apurtzen, nire ustez kontrakoa, areagotu egiten du. Hori bai, eskertu behar diegu gauza bat: zerbait izateko Estatu bilakatu behar baldin baduzu, ba tira, Euskal Estatua sortu beharko dugu.
Jatorria: Mikel Irujo