Gernikako Akordioa sinatu zuten eragile politiko, sozial eta sindikalek ETAk atzo publiko egindako agiria baloratu du bakea eta normalizazio politikoaren bidean duen balioa azpimarratuz.

Gernikako Akordioa sinatutako eragileek prentsaurrea egin dute gaur ETAren azken agiria baloratzeko. Akordioak dioena bere orokortsunean betetzeko deia egin dute eta horretarako aldaketa eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Honakoa da Gernikako Akordioa sinatu zuten hogeitamar sinatzaileek adostutako dokumentua:

“Gernikako Akordioaren Sinatzaileok adierazten dugu ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean ezagutarazitako agiria aurrerapausoa dela eta zalantzarik gabeko balioa duela Euskal Herria normalizazio politiko eta bake eszenatoki baterantz daraman prozesuan.

Hori dela eta, Gernikako Akordioaren Sinatzaileok adierazten dugu urrats hau, bai eta beste batzuk ere, alegia, hitzarmen horretan deitutako beste eragileek eman beharrekoak, akordioa bera osorik bete arte, prozesu demokratiko bat berme guztiekin abian jartzeko behar direnak direla.

Gernikako Akordioaren Sinatzaileon iritziz, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialen erantzukizuna zentzu horretan aurrera egitea da, Akordioa bere osotasunean bete dadila lortu arte.

Egungo testuinguru honetan, espainiar Estatuari eskatzen diogu bere politika alda dezala eta normalizazio politikoa ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala, Gernikako Akordioan egindako eskariei modu positiboan erantzunez.

Halaber, Akordioa izenpetu ez duten Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei eskua luzatzen diegu horrekin bat egiteko eta, hala badagokio, gurekin batera lan egiteko, bake eta aterabide demokratiko prozesua bururaino eraman eta bide hori atzeraezin bilakatzearren. Ekintza politikoak protagonismo ukaezina hartu duen une honetan, euskal gizarteak, zilegizko ordezkari politiko, sozial eta sindikalen bitartez¬, ahaleginak biderkatu behar ditu atzera-martxarik gabeko prozesu batean murgiltzeko.

Bruselako Adierazpena gauzatu zuten nazioarteko bitartekariei orain arte egindako lana eta ahalegina eskertzen diegu, eta jarraitzeko eskatzen diegu; Gernikako sinatzaileok haiei laguntzeko konpromiso argia dugu, haiek beharrezkotzat jotzen duten edozertan.

Beraz, Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok konpromisoa hartzen dugu eta aldi berean herritarrei dei egiten diegu Euskal Herrian sortzen ari den egoera berrian parte hartzera eta motorra eta alde aktiboa izatera. Euskal gizartea bera da Gernikako Akordioa osotasunean betetzeko eta bidean izango diren oztopo eta mugak gainditzeko bermea”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna