Euskal Hiria 2005 Biltzarra inauguratu du sailburuak Gasteizen; laugarren edizioa du, eta LAAen indarraldiari eta horiek eguneratu beharrari buruzko gogoeta du aztergai Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrañagak gaur adierazi duenez, behin-behingoz hasiera eman nahi dio eztabaida estrategikoari, lurralde orekatuagoa, lehiakorragoa eta iraunkorragoa lortze aldera.
Gaur goizean inauguratu du Larrañagak Vitoria/Gasteizen Euskal Hiria 2005 Biltzarra; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak antolatzen du, eta ezagumendu handiko profesional, erakunde, kolektibo eta partikularrek eztabaidatuko dute Biltzarrean, gaur-biharretan, Euskadiren lurralde-artikulazioa.
Sailburuaren esanetan, etengabeko bilakaeran dagoen mundu honek sortzen dituen premia eta eskari berriei erantzun beharrak eragiten du Biltzarra. Ildo horretan, Larrañagak uste du lurralde-antolamendua ere etengabeko bilakaeran dagoen jarduera izango dela, “errealitate berri horiei erantzun egokiak ematekotan ikuspegi berriak aurkitzeko, eta gero eta eraginkorragoak diren tresnak deskubritzeko” gai izango dena.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak berak onartu duenez, ez da erraza gure herrialdearentzako etorkizunerako Lurralde Eredu bat definitzea, ezta Eredu hori abiaraztea ere. Adierazi duenez, zeregin horretarako “berrikuntzarekiko jarrera irekia behar da, baita kudeaketa-ahalegin handiak aurrera eramatea ere, emaitza bideragarri eta egiaz eraginkorrak lortze aldera”.
Ildo horretan, azpimarratu du Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) izan direla eta direla erreferentzia-esparru gure lurralde-politika garatzeko, “lan-tresna bikaina direlako, egunero erabiltzekoak´. “Gaur egun esan daiteke –gehitu du Larrañagak— Euskadin egiazko Lurralde Estrategia bat dagoela, Europar Lurralde Estrategiaren printzipioekin bat datorrena eta iraunkortasuneko, lehiakortasuneko eta lurralde-elkartasuneko irizpideei erantzuten diena”. “Hiri bakoitzaren bokazioak uztartzeko gai den proiektua, lankidetza- eta osagarritasun-potentziala oinarri dituena, udalerrien arteko lehia eskas eta antzua baztertuta´, erantsi du.
Dena den, Larrañaga sailburuak adierazi duenez, ondo baino hobeto jabetzen da LAAk idatzi ziren testuinguruak (90eko hamarkadaren hasiera) eta gaur egungoak alde nabariak dituztela, eta, hortaz, dokumentua eguneratzeari buruzko eztabaida hastearen alde agertu da.
Gauzak horrela, adierazi duenez “etapa berri bati ekiten dio une honetan Euskadik, eta eskubidez gure herriari Hirugarren Milurtekoaren hasierako txanpa honetan itxura hartzen ari den gizarte global berrian dagokion lekua zehaztu beharko du etapa horrek”. ”Gizarte berri horrek —gehitu du— jarduera berriak, bizimodu berria eta lurraldearen antolamendu berria ere badakartza, hau da, espazioa erabiltzeko modu berri bat, eduki berriekin hornitua, eta eduki horiek paisaia berrietan, elementu bisual berrietan, hautemateko modu berrietan eta gure ingurune fisiko eta urbanoarekin erlazionatzeko modu berrietan gauzatuko dira eta gauzatzen ari dira jada; azken batean, esparru berri batean euskaldunen belaunaldi berri batentzat”.
Sailburuak adierazi duenez, konbentzituta dago, eta betiere iritziak kontrastatuz eta esperientziak konpartituz, eta gaur egungo eta geroko lurralde-estrategiari buruzko azterketa eta eztabaida osatuz, “gai izango garela lurralde orekatuago, lehiakorrago eta, jakina, iraunkorrago baten giltzarriak definitzeko”. ”Hori lortuz gero, bizi-kalitatea emango diegu gaur egungo herritarrei, baina horretaz gain, datozen belaunaldien bizi-kalitatea ere bermatuko dugu”, esan du amaitzeko.

Jatorria: Esther Larrañaga