Estatuak porrot egin du eta ultraeskuinaren aurkako euste-horma estatus berria da

Eba Blanco de Angulo idazkari nagusiak EAErako eta Nafarroarako estatus politiko berri bat “lehenbailehen” adosteko beharra azpimarratu du. Alderdia sortu zela 39 urte gaur bete direla eta, 1986ko irailaren 4an hain zuzen ere, alderdiko agintari gorenak beste behin ohartarazi du Euskal Herriarentzat mehatxu atzerakoia dela ultraeskuinaren agenda politikoa ezartzea. “Madrilgo gobernuak Estatua plurinazionala dela eta, beraz, nazio bat garela politikoki onartzea ultraeskuinaren aurkako euste-hormarik eraginkorrena da. Hauteskundeetako emaitzek erakusten duten bezala, hemen ultraeskuinaren pozoia ez da hainbeste sartzen. Komunitate gisa kohesionatuago egotea eragiten duten beste balio batzuk ditugulako gertatzen da hori, baina kontuz, aurrera egin behar dugu, denbora gure kontra baitoa”.

Blancok onartu du PSOEren azken ustelkeria kasuak beste oztopo bat direla esparru politiko berri baterako bide korapilatsuan, “baina Kataluniak frogatu zuen aldebakarreko bidea ez zela bideragarria” eta, beraz, Pedro Sanchezen alderdiarekin negoziatzea baino ez dagoela. “Berez, La Moncloatik lortu gabe dauden transferentziak jasotzea, hala nola, gizarte segurantza, langabeziagatiko prestazioa, eta aireportuen kudeaketa ondo dago, Estatuak 46 urte baitaramatza Gernikako Estatutua urratzen. Kontua da oso berandu eta gaizki iristen dela. Espainiako Estatua nabarmen porrot egin duen egituraketa politikoa da, eta ez ditu inondik inora euskal herritar gehienon espektatiba politiko eta sozialak betetzen”, azaldu du. “Hala, herri honetako indar demokratiko guztiei dei egiten diegu 2026ra arte geratzen diren lau hilabete hauetan, estatus berri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko digun minimoen akordio bat bila dezagun”.

Euskal nazionalismoak XXI. mendean izan duen indarrari buruz, Blancok mezu argia zabaldu du: “guretzat abertzale izatea ez da ideal erromantiko bat. Abertzale gara bidegabekeria politiko eta sozialak abolitzeko. Euskal nazionalismoaren kasuan, 2025ean, abertzaletasuna eta demokrazia eta giza eskubideen errespetua gauza bera dira, eta ez dugu ulertzen batzuek gauza bat besteari baino lehentasun handiagoa ematea. Gu beti egongo gara historiaren alde zuzenean, adibidez atzo Bilboko kaleetan gertatu zen bezala, La Vuelta pasatzerakoan Palestinako herriaren genozidioa munduaren aurrean ozen salatuz”.

Memoria demokratikoari buruz, zera esan du: “Lauaxeta fusilatu zuen ideologia Txiki eta Otaegi fusilatu zituen bera da. Gaur egun nazio gisa ditugun eskubideak ukatzen jarraitzen duen ideologia bera. Are gehiago, batzuen eta besteen arteko konparazioak egiten dituztenek, ederki dakite ideologia hori indar handia hartzen ari dela. Abertzaleen artean, gaiaren erroan adostasuna egon beharko litzateke gure historiaren puntu honetan”, adierazi du idazkari nagusiak.

Era berean, herritarren segurtasuna ikuspegi demokratiko orokor batetik hartu du hizpide Blancok. “Arduragabekeria ikaragarria da delinkuentzia eta immigrazioa lotzea, ultraeskuinaren marko maltzur eta piromanoan erortzea baitakar. Hala ere, horrek ez du esan nahi herritarren segurtasunaren eztabaida baztertu behar denik, polizia-eredua barne, argi baitago herritarren zerbitzura dagoen gertuko polizia batetik desbideratuta dagoela”.

 

Urteurrena logoarekin