Blanco: “ekainerako minimoen akordioa izan behar dugu edo aukera historikoaren  leihoa galduko dugu”

 

Eba Blanco de Angulo Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Irailaren 21ean Laguardian Gure Nortasuna lelopean ospatutako Alkartasun Egunean, hau da, gure alderdiaren jaian, egindako adierazpenen gai nagusia estatus politiko berria izan da.

Blancok estatus politiko berriaren egutegia aurreratzeko eskatu dio zuzenean lehendakariari. “Ostegunean Politika Orokorreko Osoko Bilkuran proposatu zuen estatus politiko berriaren egutegia berandu doa. Ezin dugu 2026ko ekainean alderdien balantzekin egon. Hauteskundeak aurreratu gabe, 2027 da gure epemuga. 2027tik aurrera ezinezkoa izango da eta beste aukera leiho historiko bat galduko genuke”, ohartarazi du. 2026ko ekainerako mahai gainean egon behar du gutxieneko akordio bat alderdi demokratikoen artean, estatus politiko berri baterako. “Lehendakariak EAEko arduradun politiko nagusi gisa gidatu behar duen prozesua denez, lidergoa eskatzen diogu estatus berriaren bide-orria aurreratzeko. Bide honetan aurrera egiteko gure baldintzarik gabeko kolaborazio osoa du”.

Idazkari nagusiak euskal agendaren erdigunean kokatu du estatus berria, egungo marko politikoa atzean utzita. Gernikako Estatutuaren eskumenak erabat betetzea eskatu du, Estatuak 46 urte bete ez dituelako. “Baina, hain zuzen ere, bete gabeko 46 urte horiengatik, Gernikako Estatutuak jada ez du balio euskal herritarron eskaera sozial eta politikoak asetzeko. Herri hau asko aldatu da 1979az geroztik, eta Estatuarekiko egungo harreman ereduak, porrot egindako sistema, ez dituelako batez ere gure eguneroko arazoak konpontzen, etxebizitza duin baterako sarbide unibertsala, adibidez. Hortaz ez digu ezertarako balio. Gainera, Ayuso eta Abascalen eskuin muturrak Espainia gobernatzeko aukera errealak ditu eta gure autogobernua arriskuan dago”. Blancoren hitzetan, “Estatuak plurinazionaltasuna onartzeko unea da. Euskal Herria bezalako estaturik gabeko nazioak, Eskuin muturraren aurrean euste harresirik onena gara”.

Galder Agudo Bezi Gazte Abertzaleakeko idazkari nagusiak gazteriaren arazoetara eraman du arreta. “Euskal Herriko gazteriak arazo larriak ditugu, hala nola, etxebizitza duina eskuratzea, lan prekarietatea eta osasun mentala, eta horiek kronifikatu egin dira, gobernatzen gaituzten alderdiak ez direlako gai guri konponbideak emateko”, adierazi du bere diskurtsoan. Agudoren hitzetan, estatus politiko berri bat ezinbestekoa da, “subiranotasuna Madriletik eta Parisetik pasa behar izan gabe Bidasoaren bi aldeetan langileok lan eskubide berdinak izatea erabaki ahal izatea da. Subiranotasuna gure eguneroko bizitzaren kostura egokituko den lanbide arteko gutxieneko soldata bat hemendik ezarri ahal izatea da. Burujabetza ongizatea da, eta Espainiako eta Frantziako estatuen menpe gauden bitartean ez da modurik izango euskal herritar guztiontzat bizitza duin eta justu bat bermatzeko”.

Alkartasun Egunaren ekitaldi nagusia Arabako Errioxan pertsona erreferentzialekin egindako solasaldia izan da. Berrogei minutuz aritu dira hizketan mahastizaintza eta ardogintza sektoreaz eta olioaz, eskualdeko zerbitzu publikoen egoeraz, hezkuntza eskaintzaz eta euskararen presentziaz, kulturaz eta inguruko euskal nortasunaren ezaugarriez. Mahai-ingurua bukatuta, eskualdeko abertzaleen nortasuna eta balioak ordezkatzen dituzten bi pertsona omendu dituzte. Hain zuen ere Teodoro Martinez de Cañas, 1977ko uztailaren 25ean ikurrina lehen aldiz altxatu zuen Lezako alkatea eta Loli Sarasua Ruiz de Gallo, Lezako alkatea ere bi legegintzalditan eta B ereduaren aitzindarietako bat Laguardian. Kultur jarduera gisa, Zintzo upategira bisita gidatua ere antolatu dute. Alderdiaren egunean ohiko herri bazkaria ere izan da. Gainera, EH Bildu, ERC, Compromis, Mes per Mallorca, Mes per Menorca eta Estau Aragoneseko ordezkaritzak Laguardian izan dira.

 

solaskideak