Espainiako Gobernuak EHAKren eta EAE-ANVren legez kanporatze prozesuei ekin izana kritikatu du Eusko Alkartasunak, eta «hauteskunde interesen» arabera jardutea leporatu dio PSOEri. Mikel Irujo EAko zuzendaritzako eledunak salatu du PSOEk legez kanporatzea bultzatu duela bere hauteskunde interesentzat «mesedegarria» delako, eta euskal auzian jarrera gogorrena erakutsi nahian dabilela PPrekin lehia estuan dagoelako. Irujoren aburuz, bi alderdien aurka abiatu diren neurriak PSOEren «trikimailuak» dira benetako eztabaida ekiditeko, hau da, «euskal gizarteak aske eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen inguruko eztabaidari uko egiteko». GATAZKAREN KONPONBIDEA. Horrez gain, EAko bozeramaileak uste du EHAK eta EAE-ANV legez kanporatzeak «oztopoak» direla gatazka politikoaren behin betiko konponbidean aurrera egiteko. Gainera, alderdi baten ilegalizazioak milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituela kritikatu du Irujok. «Pentsaezina da XXI. mendean, Europan bertan, gizartearen zati bati eskubide zibil eta politikoak mugatzea». ETAren su-etenaren hausturaren ostean, are eta garrantzitsuagoa da, bere ustez, bakera eta normalizazio politikora eramango duen «trenera» igotzea. Alabaina, ekintza politikoari trabak jarrita ez dela sekula helburu hori lortuko nabarmendu du. «Orain, inoiz baino ezinbestekoagoa da herritarrak ordezkatzen duten alderdi guztiek ekimen politikoa izatea».

Jatorria: Mikel Irujo