Onintza Lasa. EAko Komunikazio Idazkaria
Igande honetan Madrilgo Kongresu zein Senatuaren gehiengo absolutoari ezetza eman zaio. Alderdi Popularrak zuzentzen zuen Gobernurik ez da izango datozen lau urteetan, gutxienez, eta jasan duen porrota nabarmena da.

Hauteskunde batzuen emaitzak aztertzerakoan, hainbat faktore sartzen da jokoan.

Oraingo hauek hauteskunde berezi bezain nahasiak izan dira. Hasteko, espainiar gobernurako hauteskundeak izanik, Eusko Alkartasunak, abertzale independentista garen alderdia izanik, ezinbestean parte hartu beharreko hauteskunde gisa hartzen ditugu. Bertan egon beharra dago, gure herriaren eskubideen aldarrikapena egiteko, hiritarren eskubideak defendatzeko. Oraindik orain, onartzen ez zaizkigun eskubideak irmo exijitzeko.

Bestalde, bada gertakizun bat, mundu guztia aztoratu eta hunkitu duena: Madrileko sarraskia. Gertakizun lazgarri eta zoritxarreko horrek, eta baita Iruñean hauteskunde bezperan gertaturikoak, hauteskunde giroa aldrebestu dute.

Alderdi Popularrak eramandako eskubide eta askatasunen atzerapauso demokratikoen politika, sustatutako tentsionamendu eta krispazio giroa ?on-txar? binomioaren ezarrera (?ona? Alderdi Popularraren pentsaerarekin bat egonez gero, ?txar? ezberdintasun apurrena ere agertzen zuen jarrera oro), Irakeko gerra, Euskal Herri zein beste herrien eskubideekiko erabateko ukazioak eta aber eta aberrek, jipo ederra jaso dute hautestontzietan.

Pozgarria da, horren guztiaren aurrean gizarteak izan duen erantzuna (Ezin ahaz dezakegu ordea, gizarte honetako pertsona guztiek ez dutela beren aukera politikoa bozkatzeko aukerarik izan). Eta are eta pozgarriagoa eta eskertzekoa Eusko Alkartasunarengan milaka pertsonek bere konfiantza jarri izana. Ez dute damurik izango.

Gure egitasmo politikoa indartua atera da, giza eskubide indibidual zein kolektiboen defentsa, eskubide sozialen defentsa, elkarrizketaren balioa, eta oro har, gizarte hobe, justu eta orekatu baten aldeko jarrera argi eta tinkoak berriro izando du leku Madrilen.

Lehengo lepotik burua eta horretan jardungo dugu. Kanpainan zehar esaten genuen bezala, Eusko Alkartasunak ez du zertan ezeren promesarik egin, egindako lana, datu objetiboa berau, nahikoa berme badelako urtetan zehar gure norabidea zein den jakiteko, eta gure ildoak nondik jarraituko duen zalantzarik gabe ezagutzeko.

Badago zer eginik. Sistema demokratikoaren oinarrizko balioak kolokan jarriak zeuden jadanik eta orain ikusi egin behar zer egingo duten Monkloako bizilagun berriek. Ikuskizun dago!

Eusko Alkartasunak egingo duenaren inguruan sorpresa gutxi. Tinko, argi eta zuzen arituko gara, bainan oraingo honetan babes handiagoarekin. Independentismo ezkertiarrak hartu duen indarra nabarmena da, eta, horrek, beste etorkizun baten itxaropena ere irekitzen du, bakardadean injustizien aurrean ixilik ez geratzea ohitua dagoenarentzat.

Jatorria: Onintza Lasa