SAren talde parlamentarioaren kontra jotzea egotzi dio PPri «irtenbide demokratikoa» sustatuko lukeen «gehiengo sozio-politikoa zapuzteko»

Begoña Erraztiren ustez, Espainiako presidentetzarako PPren hautagai Mariano Raxoik gaur Euskal Herrian egingo duen bisita «erregeek garai batean kolonia erreboltarietan egiten zutenaren pareko zerbait da». Eusko Alkartasunako lehendakariak alderdiaren 17. urtemuga ospatzeko ekitaldian egin zituen adierazpenok, atzo, iluntzean, Gasteizko egoitzan. Erraztirekin batera, EAko lehendabiziko bi presidenteak izan ziren; Carlos Garaikoetxea eta Manuel Ibarrondo aritu ziren.

EAko buruak esan zuen 24 ordu aski izan direla Raxoiren izendatzeak «esperantza izpi guztiak» uxatzeko, «baieztatu egin baititu Jose Maria Aznarrek izandako jokabide intolerante, inposatzaile eta antidemokratikoa».

«Euskal Herriak irtenbidea topatzeko abagunea dauka»

Bestalde, Erraztik gogor jo zuen PPk Eusko Legebiltzarreko Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko daraman politikaren aurka. Gobernu espainolaren azken helburua «irtenbide demokratikoa» sustatuko lukeen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako «gehiengo sozio-politikoa zapuztea» dela esan zuen.

Horretarako, «herriaren ordezkaritza elektorala desitxuratzea» leporatu zion: «PPk SAren kontra dihardu bozka abertzalearen zati bat baliogabetzeko, noiz eta gaur egungo marko juridiko-politikoaren gainditzeari buruzko eztabaida parlamentarioari ekin baino lehen».

Hala eginez, Erraztiren irudiko, «PPk hauteskundeetan lortu ez zuena lortu nahi du, hartara Auzitegiak doilorki erabiliz».

EAko lehendakariaren arabera, Euskal Herria une erabakigarrian dabil: «Gaur egun Euskal Herriak bere kabuz gatazkari irtenbidea topatzeko abagunea dauka».

Erraztik iragarri zuen aterabidea etorriko dela elkarrizketaren, eztabaidaren nahiz proposamenen bitartez, eta baita ere «herriak demokratikoki erabakitzen uztearen bidez».

EAk datozen urteetan «erradikaltasuna» eta «erantzukizuna» uztartuko dituela agindu zuen. «Badaukagu abiapuntua, badakigu zein den heldulekua, eta asmatu behar da bidea, baina zuhur jokatuz eta epe laburrarekin inolaz ere itsutu gabe», azaldu zuen.

Jatorria: Begoña Errazti