Hilaren 28an egingo dute politika orokorrari buruzko bilkura Eusko Legebiltzarrean. EAren presidentearen ustez, “borroka demokratikoa” behar da Espainiako Estatuarekin “harreman aldaketa” lortzeko, “eta, gehiengoak nahi duena ez badu betetzen, desobedentzia planteatzeko garaia izango da”.

Ostiral honetan izango da Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, ikasturte berriko osoko bilkura eta, politika orokorrari buruzko eztabaidan, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendariak herri galdeketaz “proposamen eta data zehatzak” aipatuko dituela esan du gaur Begoña Erraztik EAren presidenteak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Ibarretxek esango duena “Gobernuaren ahotsa” dela azpimarratu du EAren buruak -EAJk, EAk eta EBk osatzen dute Jaurlaritza-.

Kontsultari buruz hainbat eragile “gezurretan” dabilela dio Erraztik, “legezkoa ez dela esanez. Gainera, Espainiatik mehatxuka dabiltza. Zer egingo dute, tankeak bidali?”.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan “estatutu politiko berria” behar dela uste du, “[Espainiako] Estatuarekin harreman aldaketa” egiteko. Hori lortzeko, “borroka demokratikoa” planteatzen du Erraztik. “Eta, gehiengoak nahi duena ez badu betetzen, desobedentzia planteatzeko garaia izango da”.

Jatorria: Begoña Errazti