Begoña Lasagabasterrek esan du ikuspegi juridikotik, 30 urteko kartzela-zigor eraginkorra betetzea bermatzen duen irizpideak atzeraeragintasun printzipioa ere urratzen duela. Begoña Lasagabaster EAk Madrilen duen diputatuak uste du atzo Auzitegi Gorenak ETAko presoen zigor luditzearen inguruan hartutako erabakiak ´legeek ezarritako berdintasun irizpidea urratzen´ duela.

Lasagabasterri elkarrizketa egin diote Radio Euskadin eta aurreko hausnarketarekin lotuta, ikuspegi juridikotik, 30 urteko kartzela-zigor eraginkorra betetzea bermatzen duen irizpideak atzeraeragintasun printzipioa ere urratzen duela esan du.

Gainera, ikuspegi politikotik ondorengoa garbi uzten omen du ´oso oso eskuindarra den alderdi batek -PPri erreferentzia eginez- Justizia era onartezinean politizatzen´ duela eta ikuspegi sozialetik ´oztopoak jartzen dizkio gatazkaren irtenbideari, zuzenbidean onartuta ez dauden tresnen bidez´.

Adierazpen polemikoak

Juan Fernandez Lopez Aguilar Justiziak ministroak atzo Auzitegi Gorenaren epaiaren inguruan esandakoa ere kritikatu du Lasagabasterrek. Lopez Aguilarrek esan zuen erabakia ´lasaigarria´ dela eta EAko ordezkariak uste du hitz horiek ´akatsa eta arduragabekeria´ direla. Aguilarrek Justizia ministro bezala hitz egin beharrean ´PPren akuilu koordenadekin´ hitz egin duela ere esan du Begoña Lasagabasterrek.

Euskal Herriko bake eta normalizazio politikoaren prozesuari buruz ondorengoa zehaztu du EAko diputatuak: ´Inor ezin da begirale gisa geratu, badaude protagonismo gehiago duten aldeak, gauza batzuetan ardura gehiago dutelako, baina beste gauza batzuetan, gatazka politikoaren kasuan, adibidez, politikoek eskuhartu behar dute, horiek baitira herritarren ordezkariak´.
Jatorria: Begoña Lasagabaster