JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak, presazko prozedurari jarraituz, legez besteko proposamena aurkeztu du EAJ, Aralar eta Ezker Batuarekin batera, eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari eskatu dio Ondarruko presoa eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten gainontzeko presoak ere aske uzteko.

Ibon Iparragirre Ondarruko presoaren osasun egoera larriaz jabeturik, Eusko Alkartasunak nahi du Eusko Legebiltzarrak horren inguruko iritzia eman eta Iparragirreren berehalako askatasuna eskatzea, halaxe agintzen baitu indarrean dagoen legediak gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoen kasuan. Euskal presoa aste honetan bertan eraman dute Basauriko espetxetik Basurtuko Ospitalera, bere osasun egoerak okerrera egin baitu.

Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamena aurkeztu du EAJ, Aralar eta Ezker Batuarekin batera, Legebiltzarrak, presazko prozedurari jarraituz, Iparragirre eta gaixotasun larriak dituzten beste presoak berehala aske uzteko eska dezan eta pertsona guztien giza eskubideen aldeko konpromiso irmoa berretsi dezan.

“Mendekua ez da espetxe politikaren helburua”, nabarmendu du EAko legebiltzarkideak, eta Iparragirre ez dela salbuespena ohartarazi du, espainiar kartzeletan asko direlako gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak, kasu horretan bai Zigor Kodeak, bai Espetxe Erregelamenduak baldintzapeko askatasuna ematea aurreikusten duten arren.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA