Eusko Alkartasunak «tamalgarritzat» jo du EAJk koalizioari ateak itxi izana, lehendakariaren eta hirukoaren bide orria bultzatzeko «aukera paregabea» galtzea delako. Eusko Alkartasunak ohar batean adierazi du martxoko hauteskundeak abagune «ezin hobea» dela herri galdeketari gizartearen gehiengoak ematen dion babesa islatzeko. Halaber, lehendakariaren bide orriak atzera bueltarik ez izateko eta Zapatero bizikidetza akordioa negoziatzera behartzeko modurik onena lau alderdiak elkarrekin joatea dela iritzi dio EAk. «EAJk, ordea, baztertu egin du kontsultaren eta autodeterminazioa defendatuko lukeen ahots bakarra Kongresura eta Senatura eramateko aukera», azaldu du. Koaliziorik gabe ere, EAk hitzeman du martxotik aurrera erabaki eskubidearen defentsa «irmoa» eramango duela Kongresura eta Senatura.

Jatorria: Eusko Alkartasuna