Itun horrekin estatu mailakoak ez diren alderdi politikoak galtzen aterako direla salatu du Europako Batasunak joan den ostiralean onartutako ituna «atzerakada» dela salatu du EAko diputatu Begoña Lasagabasterrek, eta estaturik gabeko nazioen errealitatea jaso gabe geratu dela salatu du. «Tratatu berri horretan ez dira ongi jasotzen Europako herritarren oinarrizko elementuak, eta ia ez da jasotzen estaturik gabeko nazioen errealitatea». Haren arabera, hitzarmenean ez da estatuetan dauden hainbat kultura eta nortasunen inguruko azalpenik jasotzen, eta estatuak indarturik ateratzen direla salatu du. «Ez da herritarren Europa, estatuen Europa da».

EBk onartutako itunean ez dira EAEren eta Nafarroaren konbenio eta kontzertu ekonomikoak aipatzen, eta berezitasun horiek jasota egon beharko luketela adierazi du. «Jasoko balira, Europa mailako babesa izango lukete, eta horrek Espainiaren aldetik izaten diren erasoetatik babesten lagunduko luke». Lasagabasterrek azaldu duenez, EBn ia ez da egon berezitasun horiek itunean jasotzearen kontra egin duen estaturik, eta aukera horren aurka gogorren aritu den estatua Espainia izan dela nabarmendu du. «EAk ez du oposiziorik aurkitu Europan, eta, tamalez, beste behin, oposizioa Espainiako Gobernutik etorri da».

Hori dela eta, oraindik Gipuzkoaren, Bizkaiaren, Arabaren eta Nafarroaren berezitasunak jasotzeko denbora badagoela esan dio Espainiako Gobernuari, eta berezitasun horiek itunean jasotzea onartzeko eskatu dio. «Hausnar dezala, eta, benetan hitzarmena eta kontzertua babesten baditu, ituna sinatu baino lehen aurkez dezala hitzarmena eta kontzertu ekonomikoa sistema fiskal propioak direla dioen protokolo bat». Ituna abenduaren 13an sinatuko dute EBko 27 estatuek.

Hitzarmen horrekin, estaturik gabeko nazioek Europako Parlamentuan ordezkaritza lortzeko zailtasunak izango dituztela iruditzen zaio. Haren arabera, itunean estatu mailako alderdiak babesten ditu, eta ez estatuaren zati batean soilik aurkezten direnak. PPk eta PSOEk itunaren puntu horretan duten jarrera salatu du. «PPk eta PSOEk zeharkako bide bat bilatzen dute, Europako Parlamentuan eurak bakarrik ordezkaturik egon daitezen».

Hori dela eta, EA oso kritikoa da hitzarmenarekin, eta EBko agintariek hausnarketa egin beharko luketela adierazi du. «Hausnarketa sakon bat egin behar da egindakoaren eta herritarrek Europa izatea nahi dutenaren inguruan».

CARLE ITUNAREKIN KONTENT

EBko Eskualdeetako Legebiltzarren Konferentziako (CARLE) presidente Peter Straub ez dator Lasagabasterrekin bat, eta Ebk onartutako itun berriak eskualdeetako parlamentuak indartuko dituela esan du. Haren iritziz, eskualdeek lortutako aurrerapenak jaso dituzte hitzarmenean, eta horrek herritarrak eta Europa hurbilduko dituela uste du. «Europako kohesioa lortzeko beharrezkoa da aniztasunaren eta
batasunaren arteko oreka lortzea».

Jatorria: Begoña Lasagabaster