“Ekimen pribatuen izapidegile hutsak” direla adierazi du
Eusko Alkartasunak Donostiako Udalaren legegintzaldiko lehen urtearen balantzea egin du gaur, eta “hiriaren arazoen aurrean EAJren eta PSEren udal gobernuaren ekintza eza” salatu du. Alderdi independentistak azpimarratu duenez, “gobernu taldearen politikek “hirian dagoen bizitegi arazoa areagotu dute” eta Donostian “gero eta auto gehiago daude”.
Eneko Goiaren udal gobernuaren kudeaketaren eta jarduteko moduen balorazio negatiboa egin du EAk. Azaldu duenez, Donostiako Udala “ekimen pribatuen izapidegile hutsa bihurtu da, ekimen horien kontura geratu da eta udal sustatzaile gisa izan behar duen papera baztertu du”.
EAk adierazi duenez, “lehen urte honetan, Eneko Goiak eta udal gobernuak ez dituzte kontuan hartu hiriaren eta herritarren beharrak, eta ez dute iniziatiba propiorik hartu hiriaren arazo larriak konpontzeko, elkarteen eta taldeen aldarrikapenei entzungor eginez”. Zentzu horretan, Eusko Alkartasunak nabarmendu du Donostian dagoen “etxebizitza-arazo handiaz”. Bere aburuz, “politika neoliberalek eta udal-ekimen ezak areagotu egin dute hiriak duen bizitoki-arazoa”.
“Azken 8 urteotan ez dute ia etxebizitzarik eraiki, sustatzaile pribatuek garatzen dituzten etxebizitza “esklusiboak” aintzat hartzen ez baditugu; aitzitik, eraikitzen denean, legeak eskatzen duen gutxieneko etxebizitza babestua baino ez da egiten”, kritikatu du. Halaber, legea desitxuratzen dutela salatu du EAk, “dagoeneko masifikatuta dauden eta berdegunerik ez duten auzoak etxebizitzaz masifikatzeko eta berdegune horiek beste auzo batzuetan eraikitzen dituzte, dagokion hirigintza-garapenetik kilometrotara; adibidez, Martuteneko gasolindegi zaharrean etxebizitzak egitea eta berdeguneak Puiora eramatea, Zardoya Otisen lurretan etxebizitzak eraikitzea eta berdeguneak Igeldora eramatea”.
Bestetik, EAk positibotzat jo du Errenteria tentsioz handiko eremu izendatu izana, eta uste du “Donostia ezin dela atzean geratu”.
Loiolako kuartelak
Alderdi subiranistak Loiolako kuartelen inguruko azken berriak ere izan ditu hizpide. Hirigintza operazioa “lardaskeria” bat izan dela uste du. “Loiolako kuartelen erosketa azkar, garesti eta gaizki sinatu da, hauteskunde garaietan saldu zitekeen argazkiaren bila eta orain badakigu, Kostaldeen Legearen arabera, agian ezingo dela Urumeatik lehenengo 100 metroetan eraiki”, adierazi du.
Gainera, militarrentzako 58 etxebizitza babestu eta 50 garaje erreserbatu izana “lotsagarria” dela azpimarratu du.
Turistifikazioa
Hiriaren “masifikazioari eta turistifikazioari” dagokionez, EAk adierazi du “Donostia beti izan dela hiri turistikoa, irekia eta atsegina, baina alkate honek masifikazioaren eta ekimen pribatuaren aldeko apustua baino ez du egiten, herritarren ongizatearen kontura. Horren adibide garbia da Grosen GOe eraikitzeko intsistentzia; izan ere, auzoa berez oso tentsionatuta dago, eta hainbat urte daramatza biztanleak etengabe galtzen”.
Zentzu horretan, EA Donostiak zehaztu du udal gobernuak “Hotel-lizentzia gehiago emateko luzamendua onartzen dute, baina salbuespenak salbuespen eta gogoz kontra, eta soilik unean uneko hauteskunde-egoeragatik. Badirudi batzuek interes handiagoa dutela pintxoaren Disneylandean bihurtzeko, tokiko merkataritza sustatzeko baino”.
Mugikortasuna
Mugikortasun ereduaren inguruan, EAk “EAJren ausardia falta, baina batez ere PSErena” kritikatu du. “Gure hiria geroz eta auto gehiagoz kolapsatuta dago, baina badirudi udal gobernu honek interes handiagoa duela RACVN edo eraikuntza enpresak pozik uzteko. Txandakako aparkaleku berri bat eraiki nahi dute San Bartolomen, deskafeinatutako EGE bat ezarri nahi dute zentroan eta Marrutxipiko bizilagunei auto-ilarak eta zaratak besterik ez diete eskaintzen”, salatu du.