Rakel Goñi EA Bizkaiko koordinatazaileak dio EH Bildu euskal gizartea ordezkatzen duela, gizartea bezala ezkertiarra eta abertzalea delako

Eusko Alkartasunak eta Alkartasuna Fundazioak Itsas Gudari Eguna ospatu dute gaur Bermeon. Lore eskaintzaren ostean egin den ekitaldi politikoan, Rakel Goñi, EA Bizkaiko koordinatzaileak gogorarazi du EAJK hamabost urte daramatzala “Guggenheim museoa Urdaibain inposatzen saiatzen” eta proiektuak ez duela erantzuten Busturialdeak dituen beharrizanei.

Goñik gaitzetsi egin du PSEk Urdaibaiko Biosfera Erreserban museo-egoitza berria jartzeko proiektuarekiko hartu duen papera. “2010ean, Ricardo Bastidak diseinatutako eraikina txikitu nahi zutenean, museoa Urdaibairen babesarekin bateraezina zela esan zuten, eta orain, aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan EAJren beharra dutenez postuak banatzeko, PSEk kontrakoa esaten du, beste behin ere, EAJren makulu bihurtuz”, esan du.

Bizkaiak eta Busturialdeak gobernantza-eredu berri, ireki eta parte-hartzailea behar dutela adierazi du, eta horren adibide jarri ditu uraren kudeaketa, Osakidetza eta Gernikako Ospitalea, eta eskualdeko garraio publikoaren egoera.

Apirilaren 21eko hauteskunde autonomikoei dagokienez, EH Bilduren aurkari politikoen kanpaina gogor eta zikina izango dela iragarri du Goñik. “Euskal gizartearen gehiengoa ezkerrekoa eta abertzalea da, eta EH Bildu da bi pultsio hauek uztartzen dituen indar politiko bakarra”, azpimarratu du.

Azkenik, “Israel Palestinan egiten ari den ekintza basatiak” errefusatu ditu, eta 30.000 hildako baino gehiagoren ostean, gehienak emakumeak eta haurrak direla, “Israel Gazan egiten ari denak izen zehatza dauka: garbiketa etnikoa”.