Alderdia legebiltzar hauteskundeetan Herrialde eta Populuen Alkartasuna (R&PS) federakundearen baitan aurkeztuko da Eusko Alkartasunak Departamenduaren
aldeko kanpainan jarraitzen du webgune baten bidez, www.euskalherridepartamendua.com
edo www.departementpaysbaque.com
helbideetan kokatua, non alderdi abertzale sozialdemokratak landutako argudioak
internauten eskura jartzen diren.

EA-iparraldek asmatu eta EA Sareanen laguntzaz
(EAk Interneten duen erakundea) landutako kanpaina hau Gerard Caralpek, EAk
Baionan duen egoitzan eskeinitako prentsa aurrekoan, aurkeztu zuen. Ipar Euskal
Herriarentzako Departamendua urtetan EAk bakarrik bultzatu izan duen aldarrikapena,
1986an EA sortu zenetik babestu izan duena, gizarteratzea du helburu webgune
honek.

Manex Pagolak, EA-iparraldeko
antolakuntza idazkaria, euskal eskabidea ez dela bakarra adierazi zuen, ‘beste
herri batzuk, Bretainiak, Korsikak, Savoiak etab, lurralde-egituraren aldakuntza
eskatzen dute eta eskabide hauen aurrean Frantses Estatuaren inmobilismoak nahiago
du gorrarena egin’. Departamenduaren sorkuntzari ezetza zuen Pabeko eskualdeko
negozio-munduaren interes pribatuekin ere estekatu zuen.
Aurkezpen hau hurrengo hauteskundeetarako programa
gogorarazteko parada ere izan zen. Presidentzialei buruz, eta Herrialde eta
Populuen Alkartasunako kide gisa, Berdeekin ari dira solasetan panorama politikoan
beste alternatibarik aurreikusi gabe.
Legebiltzar hauteskundeetarako, Ipar Euskal Herriko
hiru hautes-barrutietan aurkeztuko dira RPS etiketarekin. ‘Mementoan diskutitzen
ari gara EAJrekin, RPSko kidea ere baita’ adierazi zuen Pagolak. EAk begi
hobez ikusiko luke hautes-barrutiak bi alderdien artean partikatzea, bi alderdiak
elkarrekin aurkeztu ordez.
Oninza Lasak, EAko komunikazio idazkaria eta
Gasteizen parlamentaria, EAk Euskal Herrirako autodeterminazioa defendatzen
duela berretsi zuen, ‘eraikuntza nazionalean mailaz maila aitzina joaten
– maila bat departamendua izanik- bide demokratikoez eta biolentziari uko egiten’.

Jatorria: Eusko Alkartasuna