EAren buruzagiak eta Sailburuak Flandesen egin zuen adierazpena; han, Europako Batasunean punta-puntakoak diren mota horretako hainbat planta bisitatu dituzte berak eta Eusko Legebiltzarreko Ingurumen batzordeak. Esther Larrañaga (EA) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu
sailburuak gaur jakinarazi duenez, lurzoru kutsatuak kudeatu eta berreskuratzeko
azpiegitura bat sortuko du bere Sailak, lur horiek tratatu eta berreskuratzeko teknologia
berrienak dituena.

Larrañagak Anberesen egin du adierazpena gaur, Flandesen dauden era horretako instalazioak hantxe bertan ezagutzeko Ingurumen batzordeko legebiltzarkideekin batera egin ari den bisitaldian. Europako Batasunean Flandes punta-puntako herrialdea da arlo horretan, eta kontinente osoan aintzindaria da ingurumen-politikari dagokionez, Holanda, Alemania eta Danimarkarekin batera.

Instalazio horren sorrera 2007-2012 aldirako Euskal Herriko Lurzoru Kutsatuen Planaren barruan kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzak oraintsu onartu duen plan horretan ingurumen-politika eraginkor baterako ezinbesteko baldintzatzat jotzen da hondeatutako material kutsatuak, gaur egun zabortegietara eramaten direnak, bildu, tratatu eta berrerabiltzeko azpiegiturak abian jartzea.

Hain zuzen ere, Plan horren ekintza giltzarrietako bat da lurzoru kutsatuak gaur egun erabil daitezken teknikarik onenekin berreskuratzea, betiere kostua onar baldin badaiteke eta ahalik eta material gehien berrerabiltzekotan. Larrañagaren hitzetan, azpiegitura berria eraikitzeko kostuari aurre egiteko kapital publiko eta pribatua erabiliko da, eta batasuneko ingurumen printzipioei erantzungo die, hau da, hurbiltasun eta autosufizientziari – ahalik eta kutsatutako lursail gehiena EAEn bertan kudeatu dadila; eskura daitezkeen teknikarik onenak erabiliz eta hondakinen kudeaketako hierarkia errespetatuz: prebentzioa, birziklatzea eta berrerabiltzea; azkena, zabortegietan ezabatzea.

Sailburuak eta legebiltzarreko ingurumen-batzordeak gaur bisitatu dituzten instalazioek lurzorua garbitzea, tratamendu biologikoak, termikoak eta fisiko-kimikoak bezalako berariazko teknikak erabiltzen dituzte.
Jatorria: Esther Larrañaga