Haritza Camblong Hilabete huntako 5ean izan da Joseba Elosegiren heriotzaren urtemuga. Eusko Alkartasunako kide ohia, desobedientzia aktiboaren euskal ekintzaile eredugarria da. Gerla zibilean euskal gudaria izan ondoren, frankismo garaian, ikurriñaren aldeko ekintzak egin zituen. Besteak beste, Donostiako Artzain Ona katedralaren puntan ezarri zuen ikurriña, altxamendu frankistaren urtemuga batean. Horrek, 6 hilabetez kartzelatua izaitea kostatu zion. 20 urte geroago, 1970eko Irailean, Donostiako ezkerparetan munduko pilota txapelketa jostatzen ari zela, bere buruari su eman eta 7 metrotik, “Gora Euskadi Askatuta” oihukatuz, Frankoren aitzinera bota zuen bere burua.

Hortik bizirik atera ondoren, 1984-ean, Madrilen senatari zela, espainiar armadaren museoan sartu, eta hor, “etsaiari harturiko trofeo bat” izenburupean zen ikurriña lapurtu zuen!

Aipaturiko 2. ekintzaren muturreraino joan gabe bada ere, Joseba Elosegiren protesta ekintza horiek eredugarri dira jende anitzentzat, Gazte Abertzaleak-ekoentzat barne. Berriki, hauek, Euskal Herriarentzat konstituzio bat aldarrikatu dute, Gasteizen eginiko ekintza ikusgarri batean (begira: http://www.gazteabertzaleak.org/). Ideia horri segida emanez, Gazte Abertzaleak, Abenduaren 6-ean, Espainiak inposaturiko konstituzioren eguna salatzeko ekintzak prestatzen ari da.

Iparraldean ere, euskara, presoen hurbilketa eta Euskal Herri departamenduaren aldarrikapenen inguruan, borrokan ari diren ekintzaileak baditugu: Demoak. Haien ekintza eraginkor bezain ez-bortitzek, erantzun itsusia errezibitzen dute frantses estatuko indarrengandik (http://www.demoak.ht.st/ web-gunean lor daiteke haien ekintzen “errezeta”). Demoen helburuekin ados girenak eta haiek bezala helburu horiek lortzeko bide ez-bortitzetan sinesten dugunek, inoiz baino gehiago sustengatu behar ditugula uste dut. Jakin behar da Demo batzuek jasaten duten errepresioak, haien bizitza serioski baldintzatzen duela.

Abertzaleek ditugun helburu nagusiak lortzeko, Joseba Elosegik, Gazte Abertzaleak-ek eta Demoek bezala, ekintza ez-bortitz batek 11 hitz balio dituela pentsatzen dut.

Jatorria: Haritza Camblong