Justizia eta aberastasuna zuzen banatzea dira inmigrazioaren kontrako hesirik onena Eusko Alkartasuna legebiltzar taldeak bere kezka agertu nahi du aste honetan zehar Ceuta eta Melilla Ipar Afrikako hirietan izandako gertakari larriak direla-eta. Aipatu hiriak Europarako ate bilakatu dira pobreziatik eta gerratik ihes egiten duten milaka lagunentzat, Europan beraientzako eta haien senideentzako etorkizun hobea bilatu nahian.

Eusko Alkartasunaren iritziz, gertakari hauei espainiar eta marokiar gobernuak ematen ari zaien erantzuna bidegabekeria hutsa da, bai eta alferrikakoa ere. Gosetetik ehunka eta milaka lagunek ihes egiten dutenean, ez inork ez ezerk ezin ditu geldiarazi, ezta hesi batek ere, bere altuera igotzen duten arren. Hala ere, etorkin batzuk jada tiroz hiltzeko balio izan duen errepresioaren bidea hartu nahiago izan dute Madrilek eta Rabatek, eta hesitik pasatzea lortu duten etorkinak Marokora itzultzea erabaki dute, neurri hau ikuspuntu juridiko eta legal batetik oso zalantzagarria bada ere. Agintari marokiarrek etorkin horiek Aljeriako mugatik gertu, basamortu erdian, janaririk eta urik gabe abandonaturik uzten dituztela jakin badaki espainiar Gobernuak, baina, hala eta guztiz ere, afera honetan eskuak garbitu nahiago du.

Errepresiozko neurri hauen aurrean, haien jatorrizko herrietan etorkinen bizi-baldintzak hobetzeko neurriak eta politikak abian jartzearen aldeko apustua egiten du EAk, horrela haien etxeak utzi eta Europan bizimodu duina bilatzeko beharra izango ez dutelako. Beraz, EAk PSOEren Gobernuari dei egiten dio garapenerako lankidetzan ekarpen handiagoa, ekonomikoa zein materiala, egin dezan eta Europar Batasunean nahiz nazioarteko foro guztietan garapen-bidean dauden herrien aldeko politikak susta ditzan. Azken batean, Justizia eta aberastasuna zuzen banatzea dira inmigrazioaren kontrako hesirik onena.

Jatorria: Eusko Alkartasuna