Unai Ziarretaren iritzi artikulua Azken hauteskundeen ostean bakea eta normalizazio politikoa lortzeko dagoen aukeraz hitz egiten ari gara politikariok. Horretan guztiok gaude ados, Alderdi Popularra izan ezik; baina PPk denbora darama funtzionamendu politiko eta demokratikotik aldenduta. Bakeaz eta normalizazioaz egiten dugu berba sarri, eta eztabaida honek Espainiarekin harremanak izateko marko juridiko-politiko berriarena baztertu du, nahiz eta aurreko hauteskunde kanpainan gai hori nagusia izan zen. Hala ere, dirudien baino lotuago daude bi gaiak.

Nola edo hala, gure ustez, bake eta normalizazio kontzeptuak banatu behar dira, harremana duten arren, gauza ezberdinak direlako. Gizartea ohartu da aurrean dugun epealdian ETAk bortxa erabiltzeari uko egiteko itxaropena zabaltzen dela. Biolentzia atzean uztea oinarrizkoa eta erabat beharrezkoa da. Horretarako behar diren elkarrizketa bideak zabaldu behar dira (hori esaten du PPren ezetzarekin Diputatuen Kongresuan onartu zen ebazpenak), eta behar diren mugimenduak eman behar dira, adibidez presoen hurbilketa edota Alderdien Legearen indargabetzea bezalako gaietan. Bortxa amaitzeko behar den elkarrizketa ematen ari den balizko egoera horretara iritsita, ezin dugu ahaztu normalizazio politikoa ere lortu behar dugula. Normalizazioa lortu ezean, herri honen gatazka politiko historikoaren oinarrian dauden arazoek bizirik iraungo lukete. Independentzia, subiranotasuna, burujabetza partekatua berdintasun egoera oinarritzat hartuta baino posible ez dena eta antzeko kontzeptuekin hiritarrak nahasteko arriskua dago: bortxaren desagerpena eta Estatutua erabat betetzea bezalako opari batzuk adibidez, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko erakundeetan presentzia handiagoa izatea herri honen zilegi eta bidezko asmoak asebetetzeko nahiko izan daitezkeela pentsatzeko arriskua. Bake behar handia dugu herri honetan. Horregatik, baten bat nahastu daiteke eta pentsatu dezake ETAren desagerpenak eta PSOE eta gainerako alderdi politikoen eskutik etor daitekeen aldaketaren batek estatutuaren erreforma eta ezer gutxi gehiago normalizazio egoera osatzen dutela.Eusko Alkartasunarentzat, hastear dagoen momentu politikoaren helburu nagusia normalizazio politikoa da, baina hori esanda normalizazio hitzarekin zer esan nahi dugun zehaztu behar dugu. Nire ustez, normalizazio egoeran egongo gara proiektu politiko guztiak hiritar gehienen babesa badute aurrera eraman daitezkeenean, proiektu politiko guztiak errealitate bihurtu daitezkeenean.Eusko Alkartasunaren proiektu politikoa independentista da, Europar Batasunaren barruan Estatu propioa osatzea du helburu, eta argi dago gaur egun dugun marko juridiko eta administratiboarekin ezinezkoa dela hori gauzatzea. Gaur egun independentzia helburu duen proiektu batek gehiengo sozialaren babesa izan arren duen irteera bakarra haustura prozesua da, horrek arlo guztietan izango lituzkeen ondorioekin.Beraz, haustura prozesua ekiditeko eta normalizazio politikoari buruz hitz egiteko gehiengoaren babesa duen edozein ideia politikoa aurrera eramateko aukera bezala ulertuta herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea formalki aitortu behar da. Horretaz ohartu behar gara guztiok, eta alderdi politiko nazionalista espainolek horrela dela aitortu behar dute.Bestelako irtenbidea emango balitz, abertzale sentitzen garenok gure helburuak gauzatzeari uko egin beharrean egongo ginateke. Guk ez diegu indar konstituzionalistei bere estatu ereduari diktadura izan eta gero indarrean dagoen eredua uko egiteko eskatzen eta ez dizkiegu gure ideiak Europan estatu independente bat osatzea inori inposatu nahi demokratikoak ez diren bideak erabilita. Gauza bakarra eskatzen dugu: herri honen gehiengoak Europan euskal errepublika osatu nahi badu eta askatasun osoz bere nahia hori dela azaltzen badu, ideia hori gauzatzeko eskubidea izatea. Horretarako, Eusko Alkartasunak aldarrikatzen duen kontsulta behar dugu, herri honi zer nahi duen galdetu behar zaio eta kontsulta horren emaitza errespetatu behar da. Guk konpromisoa hartzen dugu: kontsultaren emaitza errespetatuko dugu. Eta errespetatzeko konpromisoa har dezaten eskatzen diegu alderdi nazionalista espainolei. Horixe da demokrazia, beste guztia nahasteko gogoa baino ez da. Horiek dira guztiok onartu behar ditugun arauak, eta horiek dira Estatutu Politiko Berrirako proposamenaren hitzaurrean eta aurreko tituluan agertzen direnak. Oso agerikoa den zerbait esanez amaituko dut. Auzi honetan alderdi nazionalista espainolak dira gehien mugitu behar direnak, beraiek defendatzen duten estatu eredua delako duela mende bat indarrean dagoena, nahiz eta azken hauteskunde eta egindako ikerketa soziologikoen arabera ez den babes gehien duena.
Jatorria: Unai Ziarreta