Euskal Herriko eta Latinoamerikako euskaldunen arteko lotura indartzeko apustua berretsi du

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak harrera egin die ´Euskal Herrirantz´ programan parte hartzen ari diren ikasle latinoamerikarrei. Besteak beste, Argentina eta Venezuelatik datoz Eusko Jaurlaritzak sustatutako prestakuntza eta laneratzeko programa horretako ikasleak.

Jaurlaritzak sailarteko programa horren aldeko apustua egiten duela berretsi zuen Azkarragak, bere ustez ´prestakuntza aurrerapenaren ardatz nagusia delako, bi pertsonentzat bai herrientzat´, eta ´Latinoamerikako euskal etxe eta komunitateekin ditugun loturak´ gogorarazi zizkien bildutakoei.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak errebindikatu zuenez, ´batzuen ustez, zoritxarrez, inmigrazioa arazo bat den une hauetan gogorarazi behar da mundura atera izan den herri irekia dela gurea, harrera egin dioten herrialdeetan lan egin duena, hango oparotasunaren partaide izanik, bere kulturari, ohiturei eta elkarbizitza demokratikoari fidela izan zaiena´.

Sailburuak historiako zenbait gertaera ekarri zituen gogora; haren ustez, ´gertaera horiek Euskadi eta Latinoamerikaren artean hautsezin bihurtu den harremana -lotura afektiboz osatuta dagoena- eraikitzen lagundu zuten´. Harreman horretan sakonduz joan gara azken urteotan argentinar, venezuelar, kubatar edo uruguaitar sentitzeaz gain euskal nortasunaren partaide direnen arteko lankidetza sendotzeko Eusko Jaurlaritzak duen borondatea argi uzten duten ekimenekin´, adierazi zuen.

Horren ildotik, Euskal Gizataldeen Mundu mailako II. Biltzarrari 1999ko urrian amaiera eman zion Aldarrikapena gogorarazi zuen. Agiri horretan, Euskal Gizataldeek eta Euskal Etxeek bere burua eskaini zuten euskalduntasuna munduan babesteko sare bat sortzeko. Horretaz gain, Euskal Herriak elkarbizitza eta bakea -euskaldunek nahi besteko autogobernuarekin- lortzeko desioa adierazi zuten, eta errekerimendua egiten zieten estatuetako, estatuz gaineko erakundeetako eta nazioarteko erakundeetako gobernuei, herri honetako eskubideak, banakakoak zein kolektiboak, errespeta zitzaten, eta herriak berak har ditzakeen erabakietan laguntza eman zezaten.

Hala, Euskal Herrirantz programaren garrantzia aipatu zuen, ´programa hori Gobernuak gure Erkidegotik kanpo bizi diren euskaldunekin duen konpromisoaren fruitua da´ ´gazteei prestakuntza eta Euskadiren egungo errealitatearen ezagutza eman nahi zaie horren bitartez´, eta gainera ´Euskadiko enpresetan praktika profesionalak egiteko aukera ematen die´.

Sailburuak azpimarratu zuenez, ekimen horretako partaideek laneratzeko plan pertsonal bat izateko aukera daukate, eta horren bitartez, lana bilatzeko aurkitzen dituzten oztopoak gainditzeko laguntzak jasotzen dituzte, iraupen desberdina izan ditzaketen lanerako prestakuntzako faseekin eta edozein arlo profesionaletan.

Horretaz gain, iragarri zuen laster enpresek aurkeztutako prestakuntza-planak eskainiko direla, ikasketen bukaeran partaideetako asko -gutxienez %60- kontratatzeko konpromisoarekin. ´Programa hori guretzat estrategikoa da, partaideek egindako ahalegina ondoren kontratatuak izateko aukerara garbi batekin saritzen delako´.

Halaber, prestakuntza ikastaro gehienekin batera ikasketa-praktikak egingo dira enpresetan, ezagutza eta bere aplikazioa benetan lotzeko xedearekin. Horrekin lortzen da, batetik, lan arloan nola jokatu behar den hobeto ulertzea, eta bestetik, garatzen diren trebetasunak enpresetan erakusteko aukera ematea. Horrekin batera, ´enpresek egiten dituzten kontratazioetarako diru-laguntzak ere badaude, eta Langai-Euskal Lan Zerbitzuan inskribatzeko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek eskaintzen dituzten lan aukerez baliatu ahal izateko. Sailburuak -Sailaren ikerketa-lanak aipatuz- esan zuenez, mantenu, ibilgailu, instalakuntza, mekanika, elektrizitate, ostalaritza eta eraikuntza espezialitateek %80 eta 90 bitarteko laneratze-indizea dute.

Horretaz gain, gogorarazi zuenez, lan-merkatuaren inguruko estatistika guztien berri izan daiteke ´Lanbide.net web orriaren bitartez, eta lanerako prestakuntzarako ikastaroei, diru-laguntzei eta argitalpen eta ikerketa-lanei buruzko informazioa ere jaso daiteke´.

Gasteizko harrera-ekitaldia eta ondorengo bilera amaitutakoan, programa horretako partaideak eta sailburua bera Arrasatera joan ziren, Mondragón Corporación Corporativako (MCC) hainbat instalazio bisitatzeko asmoz.

Jatorria: Joseba Azkarraga