Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak adierazi du harrigarria izan dela bai Aukera Guztiak plataforma bai Batasuna alderdia legez kanpo uztea. Joseba Azkarraga Justizia sailburuak adierazi du ez dela harritu Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak EHAKren eta Batasunaren arteko loturarik ez aurkitu izanaz eta harrigarria izan denaAukera Guztiak plataformaren eta Batasunaren alderdiaren ilegalizazioa izan dela gaineratu du.

Jesus Alonso Auzitegi Nazionaleko fiskalak idatzia bidali zion atzo Fernando Grande-Marlaska epaileari AVT terrorismoaren biktimen elkarteak EHAKren aurka jarritako kereila onartu ez dezala eskatuz, “ez delako egiaztatu HB-EH-Batasuna denik EHAK sortu duena, ez eta ETA izan denik sortzailea”.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Azkarragak esan du eskari horrek ez duela harritu, “ez baitago inolako loturarik”.

Eusko Alkartasuneko buruzagiaren iritziz, Fiskaltzaren erabaki hori “pausu garrantzitsua” da, baina “behin betiko pausua Alderdien Legea bertan behera uztea” dela adierazi du, “ilegalizazioaren erabakia arrazoi politikoengandik baldintzatuta egon ez dadin”.

Justizia sailburuak esan du, bestalde, EHAKrekin “aurrera egin” eta akordiotara iristea gustatuko litzaiokeela Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak naiz Exekutiboaren proiektuak babes ditzan: “Gertutasun ideologikorik gehien dugunekin negoziatzearen alde gaude”.

Azkenik, Azkarragak adierazi du ustez ETArekin lotura dutelako auziperatutako ezker abertzaleko erakundeen kontrako epaiketetara behatzaileak bidaltzeko erabakia, Jarrai-Haika-Segi kasuan bezala, eskaera jasoz gero “aztertu eta hartuko dutela”.
Jatorria: Joseba Azkarraga