‘Gure buruari galdetzen diogu zein da benetan Aznarren kezka. ETA bakarrik ala are gehiago euskal nazionalismoak berak gara ditzakeen jarrera politikoak?’ Joseba Azkarraga
Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren iritziz,
PPk egindako Alderdi Politikoen Lege organikoaren proiektua dela-eta, gizartea
‘zentzugabekeria juridiko baten aurrean dago, urratzen dituen printzipio
juridikoak lehengoratzeko bere bideak eduki beharko dituena, eta, orobat, zentzugabekeria
politiko baten aurrean, terrorismoa deuseztatzeko filosofoen harria balitz
aurkeztu dutena. PPren lasterbide itzela da, nabarmen gainbeheran dagoen herri
honen sektore bat biktima bihurtuko duena’. Azkarragaren ustez, ‘ez
da burugabekeria bat PPk gizarte-sektore garrantzitsuak klandestino bilakatzeari
ekingo diola pentsatzea’.
Gaur goizean, Azkarragak
zenbait iritzi politiko eta juridiko azaldu ditu, José María Aznarren
gobernuak egindako Alderdi Politikoen lege organikoaren proiektuaren ildotik.
Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren aburuz, ‘Alderdi Politikoen Lege
Organikoaren Proiektuak zuzenean eragiten eta urratzen ditu elkartzeko
eta alderdi politikoak sortzeko eskubideak. Pentsatzeko eta adierazteko askatasunak
kaltetu egiten ditu’.
Azkarragaren esanetan,
‘gezurra da Zigor Arloko Legea nahikoa ez denik, eta ‘errefortzuak’
behar dituenik. Gaur egun badugu zigortzeko baliabide-mordoa, behar bezain zabala
eta egokia, izan daitezkeen elkarte ez-zilegiei edo zeregin ez-zilegietan dabiltzan
elkarteei aurrea hartzeko eta, behar izanez gero, beroiek zigortzeko. Konstituzio-balioei
egin beharreko berariazko atxikimenduak talde politikoaren ideien eta helburuen
murrizketa dakar argiro. Demokraziaren balioak baino ez daude.’

Justizia Sailak
eta administrazio-zuzenbideko adituek egindako ikerketak eta txostenak aztertu
ostean, Azkarragak ondorengoa adierazi du: ‘Legearen proiektua tresna bat
proposatzen du, zeinaren bidez talde bateko kideen jarduera zigor arloan nabarmen
dela abiapuntutzat hartuta, talde osoa utziko du legetik kanpo, zigor arloko
prozesu orok behar duen froga-zama guztia albo batera. Lege-proposamenak sistemaren
oinarrizko eskakizunak saihesten ditu, hala nola: eztabaidaezintasuna, tipikotasuna,
kaltegarritasuna, erruduntasuna eta proportzionaltasuna’.
‘Termino eta
hipotesi ziur, zehatz eta jakinetan oinarritutako arau juridiko baten antitesia
da proiektua. Ez du bigarren instantzia baten aurrean errekurtsoa jartzeko
aukerarik ematen. Atzeraeragina era formalean baino ez du gainditzen; izan ere,
aurrekariak kontuan hartzeko erabaki esplizituak benetako atzeraeragina baita’,
esan du Joseba Azkarragak. ‘Gainera -zehaztu du euskal gobernuko Justizia
sailburuak -, Barne Ministerioaren esku uzten du legalitatearen kontrola Erregistroan
inskribatzean, eta hori ez da behar bezala uztartzen oinarrizko Arauan aitortutako
aginduekin. Legea aurkarien kontra erabiltzeko aukera ematen die politika-lehiakideei.’

Azkarragak komunikabideen
aurrean gogorazi duenez, ‘egia da, oso, Euskadin pertsona ugarik askatasunik
eza onartezina jasaten duela, mehatxua eta estortsioa nozitzen duela, muga jasangaitzetaraino
nozitu ere’; orobat, adierazi duenez, ‘Eusko Jaurlaritzak egoera horren
amaiera heltzea nahi du eta horren alde egiten du lan. Inork uste al du, benetan,
alderdien lege berriak lagunduko duela amaiera hori heltzen? Inork uste al du
gaur egun jasangaitza dena jasaten dutenen bizimodua aldatuko dela legea aplikatuta?

Jatorria: Eusko Alkartasuna