Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak CD-ROM bat egin du langabezian dauden pertsonen ingurumenari buruzko prestakuntza osatzeko.

Gaur, Donostian, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak azaldu duenez, ingurumena sustatzearen alde egiten du, baina ez alderdi protekzionistatik soilik, baizik eta enplegu berriak sortzeko iturri moduan ere. ´Beste ingurumen azpiegituren artean, ur-garbiketan, hondakin-kudeaketan, natura-guneetan eta basogintzan, enplegu ugari sortuko dira datozen urteotan´, azaldu du sailburuak.

Langabezian dauden pertsonak ingurumen-arloan prestatzeko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egindako CD-ROMaren aurkezpenean, Azkarragak adierazi du ingurumenarekiko kezka, hil edo bizikoa dela, eta gero eta garrantzitsuagoa munduko agendan. ´Europako Batasunaren Itunak ingurumenaren babesa eta hobekuntza europar batasuneko politika eta jarduera guztietan sartzea eskatzen du, garapen jasangarria sustatzeko; garapen horrek ekoizteko sistema berriak, harreman berriak, produktu eta merkatu berriak ekarriko ditu, eta, dudarik gabe, enplegu berriak ere bai´, esan du Joseba Azkarragak.

Prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen dutenek ingurumenaren kontzeptuaren ikuspegi orokorra eta oinarrizkoa aurkituko dute CD-ROMean: ingurumena, kutsadura eta garapena (garapen-ereduak eta ingurumen-integrazioa), ingurumenaren auziak (aire, hots, ur eta lur-kutsadura), eta erakundeen eta gizartearen erantzunak (legeak, baliabide ekonomikoak, organizazioak, eta abar).

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan sailburuak lanabes informatiko berria prestakuntza-metodo egokia dela nabarmendu du; izan ere, esan duenez, ´ikasteko ordutegiari dagokionez, modu atseginean eta malguan, ingurumenari buruzko kultura orokorra ematen baitu´.

Ingurumenaren gainean sentikortzeko moduluak ezartzea ezinbestekoa da 2000 eta 2006 bitartean Europako Gizarte Funtsaren finantziazioa dituen enplegu eta giza baliabideen ekimenak gauzatzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga