«Heriotza honek arrazoi ematen die, Eusko Alkartasunak bezala, presoen gerturatzea aldarrikatzen dutenei». Horixe esan zuen atzo Lakuako Gobernuko Justizia sailburu Joseba Azkarragak Oihane Errazkin preso donostiarraren heriotzaz, eta gertaera «tragedia bat» dela gaineratu zuen. Gainera, agintari frantsesek hasitako ikerketak «emaitza fidagarriak» emango dituela espero duela adierazi zuen.

Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea «legediak berak eta nazioarteko erabakiek» jasotako zerbait dela agertu zuen. «Heriotza honek izaera politikoa du; izan ere, tamalez, arrazoi ematen baitigu preso daudenek zigorra beren etxe eta sendiengandik gertu bete behar dutela defendatzen dugunoi».

Azkarragaren aburuz, «halako gatazkak gizatiartzea ezinbestekoa» da, eta sakabanaketa politikari amaiera eman behar zaio. «Alegia, mendeku izaerako zigorra ordezkatu egin behar dugu gizarteratze izaerako zigorrarekin», zehaztu zuen, eta honakoa gaineratu: «Heriotza triste honen zio zehatzak zein diren ikusi beharko dugu, baina, dena den, politikoki aurrera egin behar dugu; urratsak egin behar ditugu hainbat urtean defendatu dugun hori defendatzen jarraitzeko».

Jatorria: Joseba Azkarraga