Sailburuak genero indarkeriari buruzko jarnudaldiak inauguratu ditu, Gasteizen Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak adierazi duenez, “emakumeen kontrako biolentziaren ondorio ikaragarriak direla-eta, denok gaude behartuta etengabe borrokatzera, ez dugu etsi behar, eta tratu txarrak gure gizartetik errotik kentzeko baliabideak jarri behar ditugu”.

Aizanek Gasteizen antolatutako “Genero-indarkeria: egungo politikak eta komunikabideak” jardunaldiak inauguratzeko ekitaldian parte hartu du sailburuak, bada, bertan esan duenez, “aginte publikook eta gizarteak zerbait gaizki egin dugu; izan ere, gaur egun, XXI. mendean eta garapenezkoa eta ongizatezkoa omen den giro batean, egunero gaitzetsi behar baitugu emakumeek, emakume izateagatik soilik, nozitu behar duten eskubideen bortxaketa”.

Azkarragak azpimarratu du jardunaldiek gertatzen ari denaz gogoeta egiteko duten garrantzia. “Zergatik gertatzen den gero eta handiagoa den genero-indarkeria jakinda soilik, hau da, gaitz honen diagnostiko egokia eginda soilik, izango dugu aukera errotik kentzen laguntzeko, erabaki eraginkorrak hartuta”, esan du.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak nabarmendu du, bestalde, Eusko Jaurlaritza aspaldi ahalegintzen dela konpromiso hori betetzen, eta, gogoratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa aintzindari izan da etxeko tratu-txarrrak eta sexu-erasoak nozitzen dituzten emakumeei ematen zaien laguntza hobetzeko zenbait erakunderen arteko hitzarmena sinatzen. “Bide baten hastapenak izan ziren, oraindik ere ibili beharreko zati handia daukagu, eta hori guztia indartzea egongo da, datorren urtearen hasieran, Genero Biolentziaren aurkako Lege Integrala indarrean jartzen denean”, testu horretan mota-guztietako xedapenak (gizarte, hezkuntza, lan osasun eta zigor-arlokoak) hartzen baitira emakumeen aurkako erasoak ekiditeaz gain, emakumeek gizonekiko berdintasun-egoera sendotu dezaten.

Orobat, azpimarratu du Justizia Sailak bere gain hartu dituela zenbait lan, zabalkundekoak, juridikoak, ikerketakoak eta aholkularitzakoak, biktimei epaitegietan laguntze aldera.

Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak 1.724 lagun hartu zituen 2004an

Sailburuak Biktimari Laguntzeko Zerbitzua aipatu du; izan ere, sailburuak gogoratutakoaren arabera, 1990ean sortu zenetik genero-biolentziaren gainean lan handia egin du, jendea zuzenean eta banan-banan hartuz, hasitako lege-prozeduraren aurrean biktimak nozitzen duen segurtasunik eza gainditu nahian. 2004an, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak 1.724 lagun hartu ditu guztira, eta horietatik ehuneko 80 emakumezkoak ziren (815 Bizkaian, 562 Gipuzkoan eta 347 Araban). Kasu horietatik 985 babesteko agindu baten ondoriozko espedienteak ziren.

Era berean, etxeko biolentziaren edo/eta eraso sexualen biktimei laguntzeko Ofiziozko Txanda aipatu du: ekimen aitzindaria da, 2002ko urrian hasitakoa, Sailaren eta Legelarien Euskal Kontseiluaren arteko lankidetzaren emaitza, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako elkargoen partaidetza dauka, eta abokatu bidezko laguntza bermatzen du. Horrela, azpimarratu duenez, txanda hori ezarri aurretik, biolentzia eta erasoak zeudenean ehuneko 20ri soilik ematen zitzaion abokatu bidezko laguntza, eta orain, berriz, laguntza osoa eta kalitatezkoa ematen zaie biktimei, berehala eman ere.

Azkarragaren ustez, “bereziki interesgarria” da komunikabideek genero-indarkeria nola aurkezten duten-eta jardunaldietan egingo den azterketa; izan ere, haren hitzetan, “gai hau gardenki, serio eta zuzen tratatuz gero, eraso eta diskriminazio-mota guztien kontrako mobilizazioa bultzatzen baita”. “Komunikabide jakin batzuek dena -baita giza eskubideen bortxaketarik nabarmenenak ere- ikuskizun bihurtzeko joera dute, eta hori oso arriskutsua da, kolokan jartzen baitu arlo honetan lan positiboa egiteko aukera”; hori ekiditeko, hain zuzen, “komunikabideetan emakumearen kontrako tratu iraingarria iradokitzen duen guztia, edo bidegabekeriaz sufritzen duen diskriminazioa zilegi egitera zuzentzen den guztia kentzearen“ aldekoa agertu da sailburua.

Jatorria: Joseba Azkarraga