Legegintzaldi honetan 1975. urtean hasitako trantsizio prozesua itxi behar dela esan du Unai Ziarretak EAEko Jaurlaritza osatzeko negoziazioan autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna lehenetsiko ditu EAk. Alderdiko idazkari nagusi Unai Ziarretak hirukoaren aldeko apustua egiten dutela nabarmendu zuen.

Gipuzkoako EAko kargu publikoek batzarra egin zuten koordinazio lanak zehazteko. Batzarraren ostean, Ziarretak Eusko Jaurlaritzaren osaketa prozesuari buruz hitz egin zuen, eta legegintzaldi berriaren erronka nagusiak zein izango diren zehaztu zuen. 1975. urtean hasitako trantsizio prozesua legegintzaldi honetan itxi behar dela esan zuen Ziarretak, eta, ildo horretan, Jaurlaritza berriak bi helburu bikoitza izan behar dituela. Batetik, normalizazio politikoa lortzea, eta bestetik, indarkeria amaitzea. Ziarretaren irudiko, alderdi politiko guztiak, PP izan ezik, ados daude helburu horiekin. «Une honetan, 1978. urtean ez bezala, inboluzio demokratikoaren arriskurik ez dago. Ondorioz, estatuarekin harreman eredu berri bat planteatzeko garaia iritsi da». Espainiako Gobernuarekin lortu beharreko akordioa Gernikako Estatututik haratago joan behar duela uste du Ziarretak, tresna horrek ez baitie erantzuten egungo beharrei.

Akordioaren oinarriak Aurreko legegintzaldian osatu zuten formula, EAJren, EAren eta EB-Berdeen arteko hirukoa, egokitzat jo zuen Ziarretak Espainiako Gobernuarekin akordio berri bat lortzeko. Akordio horren oinarriak autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna direla adierazi zuen. «Gatazka historikoaren muinari heltzen ez dion formulak behar bezalako oinarririk gabe eraikitako prozesua abiatuko luke». Beraz, bi helburu horiek lehenetsiko ditu EAk Jaurlaritzaren osaketarako negoziaketan.

Gainera, Ziarretak adierazi zuen herri kontsultara deitu behar dela Espainiako Gobernuarekin lor daitekeen akordioa berresteko. Halaber, Estatutu Berrirako Proposamenean hori guztia jasotzen dela nabarmendu zuen.Bestetik, EB-Berdeak taldearekin Eusko Legebiltzarrean izaniko desadostasunak iraganeko kontuak direla azaldu zuen Ziarretak. «Hirukoaren bilkura egin dugu eta bi aldeetatik argi utzi dugu arazorik ez dagoela. EB-Berdeak hirukoari eutsiko dio».
Jatorria: Unai Ziarreta