Sorreratik, beti lortu izan du diputatu bat, eta hura galdu izanari buruz «gogoeta sakona» egingo du Espainiako hauteskundeetan jasotako emaitzen ondorioz, «gogoeta sakona» egin beharrean ikusi du bere burua Eusko Alkartasunak. Duela hogei urte, alderdia sortu zenetik, Espainiako Kongresuan beti izan duen ordezkaria galdu egin du EAk. «Gogoeta sakona egitea egokitzen zaigu», onartu zuen atzo Elisa Sainz de Murieta alderdiko idazkariak hedabideen aurrean. Egoeraren azterketa, atzo arratsaldean bertan egitekoa zen zuzendaritza.

Baina ez EAk bakarrik. Eusko Alkartasunaren ustez, alderdi abertzale guztiek egin behar lukete gogoeta hori. Izan ere, hauteskundeetan parte hartu duten alderdi abertzale guztiek egin dute behera, nabarmen.

Mikel Irujo EAren idazkari nagusiak ohartarazi duenez, erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiak Espainiako hauteskundeetara koalizioan joateko aukera mahai gainean egon zen kanpaina abiatu aurretik, baina, eta EAJk aurka egin zuenez, proposamenak ez zuen aurrera egin. Igandeko emaitzak ikusita, alderdi abertzale guztiek gogoeta egin behar dutela dio Irujok. «Agian, Espainiako hurrengo hauteskundeetan, azken urteetakoa ez bezalako estrategia bat hautatu behar da».

Abstentzioaren aldeko hautua egin duen ezker abertzaleari ere zuzendu zaio Eusko Alkartasuna, hautatutako bideari buruz pentsadezala eskatzeko: «Ez al da konturatzen, bere estrategiarekin, zera lortu duela Euskadin? Alegia, PSOE alderdirik bozkatuena izatea».

ATENTATUA ETA BIPOLARIZAZIOA

. Irujok eta Sainz de Murietak argi dute zeintzuk izan diren EAren beherakadan eragin zuzena izan duten eragile nagusiak: ETAren atentatua eta PPren eta PSOEren arteko bipolarizazioa.

«Argi dago Isaias Carrascoren hilketa arbuiagarriak eragina izan duela hauteskundeetan», adierazi du Irujok. PPren eta PSOEren arteko bipolarizazioak ere «min handia» egin duela dio. Kongresuko diputatuen %90 bi alderdi horien esku egongo direla ohartarazi du, eta, Kongresurako lehiatu diren gainontzekoen artean, NaBaik eta BNGk ez beste guztiek behera egin dutela jasotako boto kopuruan. PP agintera itzuliko zela esanez zabaldutako «beldurrak» ere eragin duela uste du.

Berria
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Mikel Irujo